Gizartea -
Indarkeria sexista
Gizon bat atxilotu dute Lezon adingabeei sexu-abusuak egitea egotzita
Bi adingabek salatutako sexu-abusuak gaitzetsi ditu Pasaiako Udalak. Erasoak iragan astean gertatu ziren, Trintxerpeko jaietan.
Agentziak | Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu zuten iragan larunbatean, Lezon (Gipuzkoa), bi adingaberi sexu-abusuak egitea leporatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, adingabeek salatutako sexu-abusuak gaitzetsi ditu Pasaiako Udalak. Erasoak iragan astean gertatu ziren, Trintxerpeko jaietan.
Gertakariak “erabat” errefusatu ditu Udalak agiri batean, eta herritarrei ez onartzeko eta salatzeko eskatu die.
“Mota honetako jarrerak eta gertakariak ez ditu onartuko Pasaiako herriak. Herritar guztien eskubideen aldeko autua egin du Udal honek. Horregatik, erasorik ez gertatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu”, adierazi du Udalak.
Babesa eta elkartasuna
Bestalde, jaiez gozatzeaz gain, gure inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eskatu du. Adingabeei, senitartekoei eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi ondoren, larrialdi egoerei aurre egiteko 112 telefonoa erabilgarria dela gogorarazi du Udalak, laguntza, orientazioa eta laguntza medikoa jasotzeko.
Azkenik, Pasaiako emakumeen elkarteak deituta elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Trintxerpen, sexu-erasoak gaitzesteko.