Gizartea -
BERGARA
Emakume bat larri zaurituta, ustez semeak labanaz eraso ondoren
Bergaran izan da erasoa. Emakumea larri dago, hainbat labankada jasota. Segurtasun Sailaren arabera, ustez semeak egin dizkio zauriak amari.
EITB.EUS
Emakume bat larri zauritu zen, atzo arratsaldean, Bergarako bere etxean hainbat labankada jasota. Ustez semeak egin zion erasoa amari. Biak etxebizitza berean bizi dira.
Bizilagunek oihuak entzun zituzten, eta Ertzaintzari eman zioten abisua. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, kasua ikertzen ari diren arren, baliteke 39 urteko semea izatea erasotzailea.
Lehendabizi, Arrasateko Ospitalera eraman zuten emakumea, baina zituen zaurien larritasunagatik, Gasteizeko erietxe batera eraman zuten ondoren, ebakuntza egitera. Oso larri dago.
Ustezko erasotzailea atxilotuta dago. Ertzaintzak kasua sekretupean jarri du eta ikerketa zabaldu du, gertakariak argitzeko.