Gizartea -
Zaragozan
Fidantzarik gabeko espetxealdia haurtxoa hiltzen saiatzeagatik
Gizon bat eta emakume bat atxilo hartu dituzte, semeak dituen lesioak arakatu ostean. Umea larri dago. Bikotearen beste alaba baten heriotza ere ari dira ikertzen.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu (36 eta 31 urtekoak) Zaragozan, bi hileko euren umea hiltzen saiatzea egotzita.
Larunbat arratsalde honetan, epaileak fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri dio bikoteari.
Uztailaren 20an, alegia, azken astelehenean, Poliziak jakin ahal izan zuen bi hileko ume bat Aragoiko hiriburuko ospitale batean zegoela. Haurrak zenbait lesio larri zituen, hainbat haustura, besteak beste, eta horietako batzuek ematen zuten behin baino gehiagotan sortuak izanak zirela.
Ikerketen ondorioz, biktimaren gurasoak atxilotu dituzte; hain zuzen, Marokoko bi senar-emazte dira. Gainera, bi urteko beste alaba baten zaintza ere kendu diete. Gizarte-zerbitzuetako erakunde baten babespean dago neskatoa.
Egoera larrian ospitaleratuta
Bi hileko umea larri dago oraindik, ospitaleratuta. Agenteak, halaber, bikotearen beste alaba baten heriotza ere ari dira ikertzen; izan ere, 2014ko apirilean hil zen, 26 egun zituela, egoera berdintsuan.
Epai-poliziak zuzendu ditu ikerketak, azken egun hauetan.