Gizartea -
Trafikoa
Auto gidari bat hil da Hernanin, zuhaitz baten kontra talka eginda
Ezbeharra GI-632 errepidean gertatu da, Axala eta Sorgintxulo artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auto gidari bat hil da astelehen honetan Hernanin (Gipuzkoa), gidatzen ari zen ibilgailua bidetik atera eta zuhaitz baten kontra talka eginda. Hildakoa 85 urteko hernaniarra da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra goizeko hamarrak aldera gertatu da GI-2132 errepidean, Axala eta Sorgintxulo artean. Iturri horien arabera, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, istripua izan duen Opel Vectra autoak zuhaitz bat jo du eta gidaria tokian bertan hil da.
Suhiltzaileak, Ertzaintza eta osasun langileak istripuaren tokira bertaratu dira.
Istripuaren eraginez, bidea erabat moztuta izan da eguerdira arte.
Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.