Gizartea -
Hilketa Bilbon
16 urteko kartzela-zigorra ezarri diote maltzurkeriazko hilketagatik
Pistola batez tirokatu zuen aurretik berarekin eztabaida izan ondoren, eta tirokatzen jarraitu zuen barratik sukaldera ihes egiten saiatzen ari zela.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 16 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio gizonezko bati 2013ko abenduaren 1ean taberna bateko arduraduna maltzurkeriaz hiltzegatik. Pistola batez tirokatu zuen aurretik berarekin eztabaida izan eta gero. Heriotza sortzeko moduko zauria eragin ondoren, tirokatzen jarraitu zuen barratik sukaldera ihes egiten saiatzen ari zela, biktimari "sufrimendu berezia" eraginez. Horrez gain, akusatuak alargunari eta seme adingabeari 167.000 euro ordaindu beharko dizkio.
Epaimahaiak frogatutzat jo du 2013ko abenduaren 1ean, 12:20an, akusatua Bilboko taberna batean zegoela eta bertako arduradunarekin eztabaida bat izan zuela.
Eztabaida horretan zehar tabernaria erasotzen saiatu zen aulki batekin eta sukaldeko aizto batekin, baina sukaldeko atearen kontra jo zuten. Jarraian, erasotzaileak tabernatik alde egin zuen.
Egun berean, 13:00etan, akusatua, identifikatu gabeko beste lagun batzuekin batera, tabernara bueltatu zen "tabernako arduradunaren bizitzarekin akabatzeko asmoz".
Behin tabernan, biktima tirokatzen hasi zen. Hura barra atzean zegoen, eta sukaldeko ate atzean babesten saiatu zen. Erasotzaileak, hori ikusita, tiroak botatzen jarraitu zuen atearen kanpoko aldearen aurka, bere kideek atean ostikoak jotzen zituzten bitartean. Ez zutenez atea irekitzea lortu, eta hanka egin zuten. Tiroetako batek abdomeneko aorta zauritu zion biktimari, eta horren eraginez hil egin zen.
Halaber, 120.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hildakoaren bikotekideari eta 47.000 euro, ostera, haren adin txikiko semeari.