Gizartea -

Laguntza sozialak

Jaurlaritzak errefusatu du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta zorroztea

Horrek "ahulenak babes gabe uztea" ekarriko lukeela argudiatu du Gasteizko Gobernuak. Legebiltzarrak ez du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren gaineko Herriko Lege-Ekimena tramitatuko.

Ayudas+Justas plataformako kideak, herri ekimen legegilea Legebiltzarrean erroldatzen. EFE
Ayudas+Justas plataformako kideak, herri ekimen legegilea Legebiltzarrean erroldatzen. EFE
Ayudas+Justas plataformako kideak, herri ekimen legegilea Legebiltzarrean erroldatzen. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak errefusatu egin du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak zorroztea, Eusko Legebiltzarrean erroldatutako herri ekimen legegileak hala egitea eskatu badu ere, "ahulenak babes gabe uztea" ekarriko lukeelako.

Hori horrela, Iñigo Urkullu lehendakariaren Exekutiboa ekimen legegilearen aurka agertu da, laguntza sozial horietan aldaketak egitekotan, helburua “gaizkien daudenek baliabide minimo batzuk izatea bermatzea” beharko litzatekeelako.

Agiri batean, laguntzak jasotzeko baldintzak zorrozteak "ahulenak babes gabe uztea" ekarriko lukeela ohartarazi du Jaurlaritzak.

Halaber, errenta mota hau ez dela denbora nahikoan indarrean egon azaldu du. Horregatik, "goiz da horren ebaluazioa egiteko".

Jaurlaritzak adierazi du laguntza sozial hauek ez dutela parekorik Estatuan, eta euskal gizartea "esfortzu handia" egiten ari dela "kohesio soziala" lortzeko.

Azkenik, babes sistema "baliotsu hau" mantentzeko konpromisoa agertu du.

Ayudas+Justas elkarteak sustatu du laguntzok jasotzeko baldintzak zorroztea eskatzen duen herri ekimen legegilea, eta Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak babesa agertu dio.

Legebiltzarrak ez du Herriko Lege-Ekimena tramitatuko

Bitartean, Eusko Legebiltzarrak ez du tramitera onartuko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako baldintzak zorroztu nahi dituen Herriko Lege-Ekimena; izan ere, EAJ, EH Bildu eta PSE ez daude ados horrekin.

EAJk adierazi du errespetatzen dituela ekimena babesten dituen sinadurak, baina gaitzesten duela testuaren hondoa; hain zuzen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako aukera izatea zorrotzagoa izango litzateke, ekimena onartuko balitz. Amaia Arregi legebiltzarkideak Eferi azaldu dioenez, Ekimena “Marotok iaz egindako adierazpenetatik abiatzen da; horietan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan iruzurra dagoela esan zuen, eta herrialde jakin batzuekin erlazionatu zuen”.

Iazko uztailean, Gasteizko garai hartako alkateak aseguratu zuen hainbat gehiegizko erabilera zeudela diru-laguntza horiek kobratzeko, eta etorkin magrebiarrei egotzi zion laguntza horietaz bizi izatea eta lan egin nahi ez izatea. “Ez gaude ados horrekin, eta ez dugu uste baldintzak zorrozteko garaia denik”, azaldu du EAJko ordezkariak; dena den, ez du esan aukerarik ez dagoenik kontrol handiagoa izateko iruzurraren aurka.

PSEtik, Jose Antonio Pastor ordezkariak bat egin du Arregirekin, eta esan du bere alderdiak euren sinadura eman dutenak errespetatzen dituela. Halaber, Marotoz hitz egin du: “Xenofobia-kutsua duen berak bultzatuko debatean dago honen guztiaren oinarria”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak