Gizartea -
Lan istripua
Bi langile intoxikatu dira Etxebarriko lantegi batean piztutako sutean
Suhiltzaileek itzali dute sua eta kea arnastu duten bi langileak Galdakaoko ospitalera eraman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxebarriko Iraco lantegiko bi langile Galdakaoko ospitalera eraman dituzte kea arnasteagatik. Lantegian piztutako sutea itzaltzen ahalegindu dira bi langile horiek eta, ondorioz, ondoezik sentitu dira.
Ertzaintzaren iturriek berri eman dutenez, sutea 09:15ean jazo da metalen tratamenduaz arduratzen den Etxebarriko Legizamon industriaguneko enpresan.
Antza denez, rotaflex batetik ihes egindako txispa bat titaniozko txirbilez betetako edukiontzi batera erori da eta sua piztu da. Ondoren, sua alboko edukiontzira zabaldu da.
Bi langileak su-itzalgailuekin garrak itzaltzen ahalegindu dira, baina suhiltzaileek itzali dute guztiz sua goizeko hamarrak aldera.
Suak bi edukiontzi bakarrik kaltetu ditu.