Gizartea -
Eguraldia
Giro freskoagoa eta prezipitazioak, uztailari agur esateko
Asteazkenean, maximoak 22 gradura jaitsiko dira kostaldean, eta 23-25º-ra kokatuko dira barnealdean; ostegunean ez da aldaketarik izango termometroetan. Euria dago iragarrita.
Erredakzioa
Eguraldiaren gaineko iragarpenak giro freskoagoa eta prezipitazioak iragarri ditu 2015eko uztailaren azken egunetarako. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak adierazi duenez, maximoek ez dute 25 graduko muga gaindituko, ondorengo egunetan, eta euria izango dugu hizpide. Asteburuan, abuztuaren 1ean eta 2an, eguraldia atseginagoa izan liteke: bero handiagoa egingo du eta ostarteak zabalduko dira.
Asteazkenean, hortaz, eguraldiak txarrera egingo du berriro. Goizaldean zerua hodei gutxirekin egongo da, baina berehala hodeiak ugarituko dira eta eguerdi partean euria egiten hasiko da ipar partean. Gero gainerako lekuetara zabalduko da, nahiz eta hegoaldean oso gutxi botako duen. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatua maximoak jaitsi egingo dira, kostaldean 22 ºC-ren inguruan geratuko dira beroenak eta 23-25 ºC-ren bueltan barnealdean.
Ostegunerako giro aldakorra espero dugu, zaparrada eta ekaitzak botako baititu. Zerua nahiko tapatuta egongo da eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Zenbait lekutan ekaitzak jo dezake, lurralde ekialdean bereziki. Iparraldeko haizea ibiliko da eta giro nahiko freskoa mantenduko da, maximoak 20 eta 23 ºC artean egongo baitira. Ostiralean ere euria egingo du.