Gizartea -

Iruzur fiskala

117 milioi euroko iruzurra egin dute Gipuzkoako sozietate baten bidez

400 milioi euro baino gehiago ezkutatu zituzten azken bost urteetan, Estatu guztiko prostituzio-klub ezagun ugariren bitartez.

117 milioiko iruzurra egin dute Gipuzkoako sozietate baten bitartez

1:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga Administrazioko Estatu Agentziako funtzionarioek eta Polizia nazionaleko agenteek Estatuko osoko prostituzio klub garrantzitsuak ustiatzen zituzten bost erakunde kriminal desegin dituzte. Erakunde horiek, Gipuzkoako sozietate baten inguruan funtzionatzen zuen ingeniaritza finantzarioko egitura konplexu baten bidez, 400 milioi euro baino gehiago ezkutatu zituzten azken bost urteetan, eta, horren eraginez, 117 milioiko iruzur fiskala eragin zuten.

Ogasun Ministerioak jakinarazi duenez, sare horrek lortzen zituen etekinak sozietate desberdinez osatutako egitura baten bidez zuritzen zituen, Gipuzkoako sozietate batean oinarrituta zegoena. Sozietate hori 2010etik ari ziren ikertzen.

Ikerketa-lanek bost urte iraun dute, eta denbora horretan zehar 750 kontu korronte aztertu dituzte. Lan hori dela medio, Gipuzkoako sozietatea prostituzio-klubetatik eratortzen zen zuritutako diruarekin lotu ahal izan dute.

Polizia Nazionalak eta Zerga Agentziak 14 prostituzio-klub eta 21 egoitza fisiko eta juridiko arakatu dituzte, baita 66 pertsona atxilotu (desegindako erakundeetako kideak) eta sexu-ustiapena jasan zezaketen 349 ustezko biktima aurkitu ere.

Miaketetan, 1.200.000 euro harrapatu dituzte eskudirutan, baita zenbait arte-lan, urrea, bitxiak, luxuzko erlojuak (horietako batzuek 30.000 euro balio dute), lau su-arma eta munizio ugari ere.

Horrez gain, epailearen aginduz, 419 higiezin, 160 ibilgailu (horietako asko gama altukoak), zazpi itsasontzi eta pertsona fisikoen zein juridikoen izenean zeuden banku-kontu anitz blokeatu dituzte, 30 banketxe baino gehiagotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Iruzurrak Gizartea