Gizartea -

Irteera operazioa

Egun korapilatsua euskal errepideetan, baina istripu larririk gabe

Euskal errepideetako puntu korapilatsuenak hauek izan dira: AP-8 autobideko ordainlekua Irunen, Armiñongo ordainlekua eta N-622 eta A-1 errepideak bat egiten duten tokia.

Armiñon izango da euskal errepideetako puntu korapilatsuetako bat. Artxiboko irudia: EiTB
Armiñon izango da euskal errepideetako puntu korapilatsuetako bat. Artxiboko irudia: EiTB
Auto-pilaketak Araban bereziki

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bidesari nagusietan, mesetara bidean, egun osoan zehar izan diren arazoak desagertu dira dagoeneko, eta une honetan erabateko normaltasuna nagusi da Euskal Herriko errepideetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Egun osoan zehar arazoak izan dira errepideetan. Arratsaldean, Irungo bidesarian, lau kilometroko auto-ilarak izan dira, baina trafikoak behera egin du orduak aurrera egin ahala.

Udako oporren hasierarekin batera auto-ilarak izan dira goizean goizetik Euskal Herriko errepideetan; bereziki, AP-8 autobidean Irungo ordainlekuan, AP-1 autobidean Etxabarriko ordainlekuan, N-622 eta A-1 errepideak bat egiten duten tokian eta Armiñongo ordainlekuan.

AP-8an, Irungo ordainlekuan, zapi kilometroko auto-ilarak sortu dira eguerdian eta AP-1 autobidean, Etxebarrin, ostera, bi kilometro artekoak.

Etxebarritik gertu, N-622 eta A-1 errepideak bat egiten duten tokian, 5 eta 6 kilometro arteko auto-ilarak sortu dira goizean goizetik. Izan ere, aipaturiko errepidea ez da Gipuzkoatik eta Europatik datozen autoen zirkulazioa jasateko gai.

Bestalde, Armiñongo ordainlekuan 8 kilometroko auto-ilarak sortu dira, zehazki, A-1ek AP-1 autobidearekin bat egiten duten tokian.

Halaber, euriak errepideetako zirkulazioa zaildu du eta hainbat auto istripua ere izan dira.

Normaltasuna Nafarroan

Nafarroako errepide sarean normaltasuna nagusi izan da gaur. Ibilgailu gehiago izan dira Nafarroako errepideetan, baina ez da auto-ilara aipagarririk izan.

Igandera arte plan berezi bat martxan izango du Foruzaingoak irteera operazioaren ondorioak minimizatzeko. 65 foruzain gehiagok erkidegoko errepideak zainduko dituzte. Era berean, abiadura eta alkoholemia kontrolak egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa