Gizartea -
Abisu horia
Bero handia eta enbata arriskua gaurko
33-36 graduko tenperaturak izatea espero da Hego Euskal Herrian. Haizeak hegotik joko du lurralde osoan.
Agentziak | Erredakzioa
Tenperatura altuak igande honetan itzultzea espero da Hego Euskal Herrian; izan ere, 33 gradu espero dira kostaldean eta 36 barnealdean. Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du iganderako.
Igandean tenperatura maximoek “nabarmen gora” egingo dute, hego haizearen eraginez, baina minimoak ez dira aldatuko lurralde osoan. Kostaldean 33 gradu islatuko ditu termometroak, eta barnealdean tenperatura altuagoak izango dira: 36 gradu Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 35 gradu Arabako iparraldean eta 36 Ebro inguruan.
Gainera, Jaurlaritzak itsasaldean ere aktibatu du abisu horia igande arratsalderako. Enbata edo antzekoak izateko arriskua dagoela zehaztu du Segurtasun Sailak.