Gizartea -
San Sebastian Eguna
Urrezko Danborra eman diote La Oreja de Van Gogh taldeari
Eguerdian atertu egin du eta eguzkia ere atera da lainoen artetik txikien danborrada berotzeko.
Erredakzioa
La Oreja de Van Gogh taldeko kideek Urrezko Danborra jaso dute gaur eguerdian Donostiako Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan. Gipuzkoako hiriburuko golardo handiena da. Taldeak "munduko saririk politena" dela esan du.
Pablo Venegas, Haritz Garde, Alvaro Fuentes, Xabi San Martín eta Leire Martinez izan dira gaurko protagonistak, Donostiako Udalbatzan. Donostiako izena munduko txoko guztietara eramateagatik eman diote saria taldeari. Ekitaldira Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanetako sailburua eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan dira, beste askoren artean. Odon Elorza alkateak Donostia beraien abestietan aipatzea eskertu die taldeko kideei. Bere esanetan, "ez da kasualitatea" aurten La Oreja de Van Gogh-i saria ematea.
Ekitaldiari amaiera emateko, taldeak Donostiako martxa abestu ditu, Xabiren gitarrarekin eta Leireren ahotsarekin. Hiriari egin nahi izan dioten "oparia" izan da, haien hitzetan.
Txikien danborrada
Gau guztian botatako euriak San Sebastian Eguna ilundu du, baina festa-giroak ez du etenik izan eta txikienek hartu dute lekukoa gaurko egunean.
Protagonista nagusiak haurrak dira orduotan. Hasiera batean, eguraldi txarraren ondorioz kolokan egon da txikien danborrada, baina azkenean egin egingo dela baieztatu dute.
Konpainia batzuek ez ateratzea erabaki dute eta euren elkarteetako berotasunean geratu dira danborrak astintzen. Hala eta guztiz ere, danbor-hotsak Donostiako kale izkina guztietan entzuten dira.
Atzoko gaua
Zoramenak 00:00etan egin zuen eztanda, Gazteubideren danborradak, beste 75 konpainiak lagunduta, San Sebastian martxa jotzen hasi zirenean. Une horretan igo zuen bandera Odon Elorza alkateak.
Igoera berezia eta hunkigarria izan zen, Jesus Maria Abad Gaztelubideko Danbor Nagusiak azkeneko aldiz zuzendu baitzuen, 15 urte eta gero, Donostiako Danborrada. Lekukoa Jose Ramon Mendizabal hartu dio.