Gizartea -
Lunel udalerrian
Sute batengatik TGV tren bat hustu dute Frantzian
Gutxienez zazpi bidaiarik zauri arinak egin dituzte; eskuetan eta oinetan, bagoietako kristalak apurtu direnean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madril eta Marseilla bitartean ibilbidea egiten ari zen tren laster bat hustu behar izan dute, lokomotorrean piztutako sute baten ondorioz.
Gainera, gutxienez zazpi bidaiari arinki zauritu dira. Izan ere, bagoietako kristalak apurtu direnean, horrek zauriak eragin dizkie eskuetan eta oinetan. Zaurituetako bi ospitaleratu dituzte.
SNCF tren-konpainiaren hainbat iturrik jakinarazi dutenez, Luneleko geltokira iristeko 200 metro bakarrik falta zirela, lokomotorrean piztutako sutearen berri eman du trenak, 09:30ean tokiko orduan (07:30 GMT).
Trenak 300 bidaiari inguru zeramatzan, eta sutea dela-eta, jendez hustu behar izan dute. Ikerketa abiarazi dute jazoeraren nondik norakoak argitzeko.
SNCF tren-konpainiak tren-trafikoa itxi du, bi noranzkoan, suhiltzaileek sua amatatu dezaten. 11:00ak aldera, GMT orduan, trafikoa berriro abiatzea espero dute. Halaber, tren-konpainiak esan duenez, oraindik ez dakite sutearen jatorria, eta abiadura handiko tren horren lokomotorrari bakarrik eragin diola gaineratu du.
"Sutea kontrolpean dago, baina itzali ezinean gabiltza, motorrera sartu ezinik baikaude. Motorrari bakarri eragin dio suteak", azaldu du Denis Argueil tren-konpainiaren eskualdeko buruak.
Lunel Udaleko langileek bidaiariak artatu dituzte.