Gizartea -
Autobus-istripua Frantzian
53 euskal gazteetatik bakarra dago oraindik Lillen ospitaleratuta
Astebete igaro da 53 euskal ikasle zeramatzan autobus batek Lillen istripua izan zuenetik. Tunel baxuegi batetik igarotzen saiatu zen, eta sabaia galdu zuen.
T.S.J. | EITB.EUS
Euskal gazte bakarrak ospitaleratuta jarraitzen du Lilleko erietxean, Frantzian, 53 euskal ikasle zeramatzan autobus batek Lillen istripua izan zuenetik astebete igaro ostean.
Bilbotik ateratako autobus hori tunel baxuegi batetik igarotzen saiatu zen, baina bertan trabatuta geratu eta sabaia galdu zuen. Istripuaren ondorioz, bidaiariak zauritu ziren, eta horietatik 13 ospitaleratu behar izan zuten.
Igande goiz honetan, Lilleko ospitalean zeuden bost gazteetatik lauri alta eman diete, eta erietxean geratuko den bakarrari bihar edo asteartean emango diote sendagiria. Litekeena da datozen egunotan guztiak Euskadira itzultzea.
Autobusean 59 bidaiari zihoazen guztira, Bilbotik Amsterdamera. Gehienak 18 eta 29 urte bitartekoak ziren eta, ezbeharraren ondorioz, bidaiari batzuek laguntza psikologikoa hartu beharko dute gertatutakoa gainditzeko.
Bestalde, autobuseko gidaria inputatu du Frantziako epaile batek "nahigabe zauriak" eragitea eta "segurtasun eta zuhurtzia betebeharra urratzea" egotzita, baina zaintzapean aske geratu da.