Gizartea -
Istripua
Bi pertsona hil dira Gironan, ultrarin batek istripua izan ondoren
Ezbeharra 9:00etan gertatu da, aireontzia aireratze-maniobrak egiten ari zela.
Agentziak | Erredakzioa
Ultrarinean zihoazen bi pertsonak hil egin dira gaur goizean Viladamateko (Girona) aire eremuan, aireratze-maniobrak egiten ari zela ezbeharra izan eta gero. Aparatuak su hartu du, eta erabat kiskalita geratu da. Erreskate taldeek aireontzia pistaren bukaeran aurkitu dute, sutan. Generalitateko suhiltzaileen zerbitzuak bost suhiltzaile talde bertaratu ditu sutea itzaltzeko.
Ultrarinaren barruan zeuden bi bidaiariak (hasierako informazioen arabera, gizonezko bi) berehala hil dira istripuaren ondorioz.
Istripua 9:00etan gertatu da, aireontziak aireratzeko orduan arazoak izan dituenean. Arazo horien eraginez, istripua jazo da. Oraindik ez dira arrazoiak ezagutzen. Ultrarina Vuelta Ibérica 2015 izeneko lasterketan parte hartzen zebilen.
Aipatutako lasterketa horretan 12 ultrarin zebiltzan parte hartzen penintsula hainbat etapatan zeharkatzeko xedearekin. Atzo heldu ziren Viladamatera, eta gaur Castellora joateko asmoa zeukaten. Ezbeharra izan ostean, gainerako aireontziak lurrean geratu dira.