Gizartea -

Urtemuga

Biescaseko ezbeharraren 19. urtemuga bete da

Biescaseko Udalak Las Nieves kanpina zegoen ingurua berreskuratu nahi du eta "oroimenaren parke" bat eraikitzeko asmoa agertu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Huescako Biescas udalerriak orain 19 gertatutako tragedian irekitako zauriak itxi nahi ditu, eta hori dela eta, biktimei zuzendutako memoriaren gune bat sortzeko asmoa du Las Nieves kanpina zegoen inguruan. Euriteak kanpina suntsitu zuen orain 19 urte eta 87 pertsona hil ziren, asko euskaldunak.

1996ko abuztuaren 7ko arratsaldean ezustean harrapatu zituen kanpinean zeuden turistak euriak. Aras arroila urez eta lokatzez bete zen eta segundo gutxiren buruan kanpinaren instalazioak apurtu zituen.

Ezbeharrean 87 pertsona hil ziren eta 200 lagun zauritu. Asko oporrak Pirinioan igarotzen ari ziren euskaldunak ziren.

19 urte beranduago, Luis Estaun Biescaseko alkateak adierazi du Udalak gertaera izan zen ingurua berreskuratu nahi duela, eta kanpina zegoen lekuan “oroimenaren parke” bat eraiki nahi duela. Kaltetuak gogoratzeko gunea datorren urtean ireki nahi dute, ezbeharraren 20. urtemuga betetzen denean.

Euritea izan zenean ere Estaun zen Biescaseko alkate eta onartu du zenbait familiek euren senitartekoak gogoratzeko leku bat eskatu dutela. Eskaera horri erantzunez, Udalak gune berria eraikitzeko lan talde bat prestatzeko asmoa duela iragarri du.

“Leku honen duintasuna berreskuratu nahi dugu. Errepide horretatik igarotzen garen guztiontzat oroimen txar bat da”, esan du.

Ingurua erabat eraberritzeko asmoz, kirol-tirora zuzendutako zelai bat eraikitzeko asmoa ere erakutsi du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea