Gizartea -
Zirkulazioa
Villabonako istripuaren kamioilaria kartzelatzea agindu du epaileak
Gizonezkoak positibo eman zuen alkoholemia proban. Baimendutakoa baino zortzi aldiz gehiago, hain zuzen ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontrako noranzkoan zirkulatzen ari zen eta Villabonan beste ibilgailu batean zihoan emakumezko baten heriotza eragin zuen kamioilaria kartzelatu egingo dute ospitaletik atera eta gero, epaileak agindu duenez.
Gizonezkoak (55 urtekoa eta Portugaleko bizilaguna) positibo eman du alkoholemia proban. Hain zuzen ere, baimendutakoa baino zortzi aldiz handiagoa izan da tasa.
Atzo, instrukzio epaileak galdekatu egin zuen ospitalean, abokatua eta fiskala aurrean zirela. Fiskaltzak espetxeratzea eskatu zuen.
Epaileak homizidioa egotzi dio, eta ez arduragabekeria baten ondorioz egindako homizidioa.
Ezbeharra astelehenean jazo zen, 22:50ean. Kamioia aurkako noranzkoan zihoan, eta talka egin zuen auto baten kontra, aurrez aurre. Ondorioz, ibilgailu horren gidaria, emakumezko bat, hil egin zen.
Antza denez, kamioia 9-10 kilometro ibili zen kontrako noranzkoan.