Gizartea -

Polizia-operazioa

34 narkotrafikatzaile atxilotu dituzte Estatuko hainbat puntutan

Operazio horretan hainbat droga-motako zenbait kilo atzeman dituzte, eta hainbat etxebizitza miatu dituzte, tartean, Karrantzan (Bizkaia).

Hainbat etxebizitza miatu dituzte Estatuan, tartean, Karrantzan (Bizkaia). Argazkia: EFE
Hainbat etxebizitza miatu dituzte Estatuan, tartean, Karrantzan (Bizkaia). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 34 lagun atxilotu ditu Euskadin, Kantabrian, Balear Uharteetan eta Madrilen, Kolonbiaren eta Espainiaren arteko droga-trafikoaren aurka abiatutako polizia-operazio batean. Gainera, drogari esker lortutako dirua ere zuritzen omen zuen gaizkile sare horrek.

Operazio horretan hainbat droga-motako zenbait kilo atzeman dituzte, eta hainbat etxebizitza miatu dituzte Estatuan, tartean, Karrantzan (Bizkaia).

Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 16 kolonbiar, zazpi espainiar, hiru ekuatore, bi perutar, bi errumaniar eta italiar bat atxilotu ditu Guardia Zibilak.

'Remake' izeneko operazioa 2014ko apirilean abiarazi zuten, Guardia Zibilak ezagutu zuenean Santanderreko taberna bateko nagusiak droga saltzen zuela. Ikerketari esker, agenteek ondorioztatu zuten pertsona hori Kolonbiatik zuzendutako krimen-taldeko kidea zela. Talde horrek Madrilen lan egin zuen, eta bertatik droga banatu.

Droga ainzuntzeko laboratorio bat eta 17 etxebizitza miatu dituzte, eta hainbat droga-motako zenbait kilo atzeman dituzte: 13 marihuana kilo, 25 marihuana-landare, kokaina kilo bat eta speed bezalako beste droga sintetiko batzuk.

Esan bezala, Guardia Zibilak 17 etxebizitza miatu ditu, hala nola, Vicalvaron (Madril), Palma de Mallorcan eta Alaron (Balear Uharteak), Reinosan, Torrelavegan, Torresen, Arenas de Iguñan, Penilla de Cayonen eta Santanderren (Kantabrian).

Gainera, su-arma bat, pistola elektriko bat, bost ibilgailu eta 17.190 euro atzeman dituzte.

Ikerketaren arabera, aipatutako tabernak trafikatzaile txikiei eta kontsumitzaileei droga banatzen zien, eta salmenta horietatik lortutako dirua zuritzen zuen. Horretarako, sare horrekin lotutako Kolonbiako hainbat laguni diru-kopuru txikiak bidaltzen zizkioten.

Guardia Zibilaren arabera, 120.000 euro baino gehiago zuritu dituzte gaizkileek, baina litekena diru kopuru hori handiagoa izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea