Gizartea -
Bi mendizale
Ertzaintzaren helikopteroak bi erreskate egin ditu sei ordutan
Txindokin zauritutako mendizale bat Gurutzetako ospitalera eraman du Ertzaintzak. Ordu batzuk geroago, bigarren mendizale bat erreskatatu du Balerdi mendian.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzaren helikopteroak mendizale zauritu bat erreskatatu du Txindoki mendian, arratsaldean, Abaltzisketan (Gipuzkoa), Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Mendizalea Gurutzetako ospitalera eraman du helikopteroak.
Ezbeharra 13:15 aldera gertatu da. Eskalatzen ari zen gizon bati besaburua lekutik atera zaio. Larrialdi zerbitzuei abisua eman eta Ertzaintzaren helikopteroak zauritua erreskatatu du.
Ordu batzuk geroago, Ertzaintzaren helikopteroak bigarren mendizale bat erreskatatu du Balerdi mendian, Tolosako (Gipuzkoa) Bedaio auzoan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Mendizalea 20 metroko lubeta batetik erori da.
Istripua 17:30 aldera gertatu da. 48 urteko Oiartzungo bizilaguna lubeta batetik erori da eta orkatila apurtu du. Biktimak eta erorketa ikusi duten beste pertsona batzuek larrialdi zerbitzuei abisua eman diete.
Zonaldera heltzeko zailtasunak ikusita, Ertzaintzaren helikopteroak zauritua igo eta Donostiako suhiltzaileen heliportura eraman du. Bertatik anbulantzia batek Donostiako ospitalera eraman du.