Gizartea -

Tutera

Irailaren 20tik 25era filmatuko dute 'Game of Thrones' Bardean

Segur aski 'dothraki' izeneko herriaren bizileku berria izango da.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fotogramas aldizkariak argitara eman ditu gaur (Los Siete Reinos atarian azaldutako informazioak oinarritzat hartuta) Estatu espainiarreko agertoki desberdinetan zehar Game of Thrones telesailak egingo dituen filmatze-datak. Aipatutako agertoki horien artean Nafarroako Bardea dago, eta, informazioen arabera, irailean zehar egingo dira grabazio-lanak bertan, 20tik 25era bitartean, hain zuzen ere.

Gogoratu beharra dago, joan zen uztailaren 4an filmaketaren gaineko casting bat egin zuela Modexpor Internacional konpainiak Tuteran. Castinga egin zuen taldeak "mediterraneoar itxurako" 800 gizonezko eta 400 emakumezko "beltzaran" behar zituen. Gizonezkoek 175 cm-ko eta emakumeek 170 cm-ko altuera izan behar zuten gutxienez, eta ezinbesteko baldintza zen tatuajerik ez izatea. Prozesuan parte hartu nahi zutenentzako iragarkiak honako beste baldintza hau ere gaineratzen zuen: egoera fisiko onean egotea, baina ez izatea "kulturista".

Oraingoz ez dago argi Game of Thronesen munduko zer herri islatuko duten Nafarroan, baina Tutera ingurua lurralde sikua dela eta estrei eskatutako ezaugarri fisikoak kontuan hartuta, segur aski 'dothraki' herria izango da. Hurrengo denboraldian, gizarte basati horrek garrantzi handia izango du istorioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Tutera bideoak Gizartea