Gizartea -
Polizia operazioan Estatuan
61 atxilotu Hego Euskal Herrian, 2 milioiko iruzurra egitea egotzita
Nafarroan atzemandako irregulartasun batzuei tiraka, laguntzak legez kanpo jasotzeko enpresa faltsuak sortzen zituzten sarea desegin dute. Guztira, 116 pertsona atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte Segurantzari bi milioi euroko iruzurra egitea leporatuta, Espainiako Poliziak 116 pertsona atxilotu ditu, horietako 61 Hego Euskal Herrian: 39 Nafarroan eta 22 Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan atzemandako irregulartasun batzuei tiraka, laguntzak legez kanpo jasotzeko enpresa faltsuak sortzen zituen sare bat desegin dute.
Poliziak ohar batean azaldu duenez, orain atxilo hartutakoek bederatzi enpresa sortu zituzten, diru-laguntza publikoak modu irregularrean jasotzeko eta paperik gabeko hainbat etorkinen egoera erregularizatzeko.
Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak Nafarroan duen ordezkaritzak informazio susmagarria atzeman zuen hainbat enpresaren dokumentazioan. Hari horretatik tiraka, enpresa horien datuak egiaztatzeari ekin zieten, eta Estatu osoan antzeko beste batzuk bazirela baieztatu zuten. Marokoko bizilagun batek sortuak ziren guztiak, eta langile ugariri eman zien alta Gizarte Segurantzan.
Hori baliatuta, diru-laguntzak jaso zituzten eta paperik gabe zeuden hainbat etorkinen egoera erregularizatu zuten.
Atxilotutakoen artean, Espainiako, Marokoko eta Aljeriako herritarrak daude.