Gizartea -
Itzulera operazioa
Auto-ilarak sortu dira euskal errepideetako bidesari eta korapiloetan
Esaterako, Biriatuko bidesarian, Irunen, 5 kilometroko auto-errenkadak daude. Aurreikusi dutenez, asteburu honetan bilduko da jende gehien euskal errepideetan.
Agentziak | Erredakzioa
Hamar kilometro arteko auto-ilarak sortu dira larunbat honetan Biriatuko bidesarian, AP-8an, Ipar Euskal Herrirako noranzkoan, bereziki Frantzian oporrak igarotzen dituztenen eraginez.
Auto-ilara horiek ohikoak izaten dira abuztuaren azken egunetan. Hori dela eta, itzulera operazioaren hasierako fasea aktibatuta dago atzoz geroztik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, atzo eta bihar bitartean 176.000 ibilgailu igaroko dira Irungo bidesaritik. Horietatik 123.000k Iparralderako noranzkoan egingo dute. Irungo bidesarian, hain zuzen ere, 9 kilometro arteko auto-ilarak sortu dira arratsaldean.
Datorren asteburuan ere, hilaren azkena, ibilgailu kopuru handia espero da puntu horretan.
Kontrako noranzkoan -Bilbo- ere kilometro bat baino gehiagoko ilarak sortu dira, Segurtasun Sailak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez.
Halaber, Etxebarri Ibiñako bidesarian Irungo noranzkoan 5 kilometro arteko ilarak sortu dira.