Gizartea -

Valentzian

1.000 euroko kalte-ordaina, 32 urtez gorputzean orratz bat izateagatik

Emakume batek 1.000 euroko kalte-ordaina jasoko du, 32 urteren buruan, bere gorputzean orratz kirurgiko bat aurkitu ostean. Antza, erditu osteko ebakuntza batean utzi zioten orratza barruan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumezko bati 1.000 euro ordaintzeko agindu dio Kontsultarako Batzorde Juridikoak (CJC) Valentziako Generalitateari, 32 urteren buruan, haren gorputzean orratz kirurgiko bat aurkitu ostean. 1977. urtean Valentziako La Paz Ospitalean erditu ostean, ebakuntza egin zioten emakumeari eta, dirudienez, orduan haren gorputzean orratza ahaztuta utzi zuten medikuek.

Ebazpenak jaso duenez, 61 urteko emakumezkoak lau egun eman ditu bajan orratza gorputzetik ateratzeko ebakuntza egin diotelako. Egun horiengatik 1.000 euroko kalte-ordaina jasoko du emakumeak.

Orratza 2009an atzeman zioten emakumeari, eskumako aldakan mina zuelako, hainbat froga egin ostean. Izan ere, erradiografia batek orratzaren presentzia berretsi zuen.

1977. urtean emakumeak La Paz Ospitalean erditu zuen, eta geroago, episiotomia bat egin zioten. 2011an histeroktomia bat egin zioten Valentziako ospitale pribatu batean.

Ebazpenaren arabera, ez dago loturarik orratzaren aurkikuntzaren eta emakumeak pairatu zuen fistularen artean. Hori dela eta, 32 urteetan izandako minarengatik eta eragozpenengatik kalte-ordainik jasotzeko eskubidea ukatu diote emakumeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea