Gizartea -

Bizkaiko Foru Aldundia

Aldundiak Autzaganeko tunelak egiteko kontratua deuseztatuko du

Autzagane ABEEaren esanetan, ezin ditu bere gain hartu tunelak egin eta zerbitzuan jartzeko proiektuaren beharrizanek eragindako kostu ekonomiko handiak.

Autzaganeko tunelaren lanak bertan behera utzi dituzte

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Autzagane ABEEarekin (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) zuen kontratua deuseztatzeko prozesua hasi du, Urdinbideko tunelak egiteko ardura zuen enpresa-elkarte horrek ez duelako kontratua bete eta lanak geldituta daudelako, Aldundiaren esanetan.

Autzagane ABEEak (Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide enpresek osatzen dute) esan duenez, ezin ditu bere gain hartu tunelak egin eta zerbitzuan jartzeko proiektuak alor tekniko eta ingurumen alorrean dituen beharrizanek eragindako kostu ekonomiko handiak.

Alabaina, Aldundiaren arabera, ABEEak bazekien lan horiek egiteko baldintza teknikoen agirian berariaz jasotzen zela obrak egiteko ardura hartzen zuen ABEEari egotziko zitzaizkiola proiektuan zehar ager zitezkeen baldintza geotekniko, geologiko edo hidrologiko berriek aurreikusitako kostuetan eragindako gastu gehigarriak.

Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Interbiak sozietate publiko forala bertan behera utzi behar du Autzagane ABEEarekin zuen kontratua, ABEEak ez duelako kontratua jasotakoa bete, bertan behera utzi baititu BI-635 errepideko Zornotza-Muxika tarteko Urdinbideko tunelak egiteko lanak.

Aldundiak adierazi du, lan horien "zailtasun teknikoak" ezagututa, beti jardun duela Autzagane ABEEarekin elkarlanean arazoari konponbidea emateko modua bilatu nahian. Baina Urdinbideko tuneletan egiten ari zen lanak bukatu gabe utzi dituenez eta lanak amaitzeari uko egin dionez, kontratua bertan behera uztea erabaki duela gaineratu du.

Joan zen uztailaren 28an, obren zuzendaritzak agindua eman zion kontratistari gehienez ere aste biko epean berriro has zitzan bertan behera utzitako lanak, eta epe hori aspaldi amaitu denez, Interbiakek, legeak ematen dizkion bideak erabiliz, kontratua indargabetzeko espedientea abiarazi du.

Aldundiak jakinarazi duenez, aurreikuspenen arabera, irailerako onetsiko dituzte tunelak amaitzeko lanen proiektua eta horiek egiteko lizitazioa.

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak agerraldia eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, batzarkideei horren inguruan eman beharreko azalpenak emateko.

Urdinbideko tunelak BI-635 errepideko Zornotza-Muxika tartean egiten ari dira, Autzaganeko saihesbidean, eta 670 metroko luzera izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez, "kanpoko lanak ia bukatuta daude, eta erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna asko hobetu da, baina oraindik ere lurrazpiko lanak bukatzea falta da".

Bilduk ingurune-arazoei egotzi die obren geldialdia

Ohar baten bidez, EH Bilduk adierazi du arazo horiek "ezagunak" zirela eta alderdiak uztailean aurreratu zituela; aitzitik, "Aldundiak informazio gabezia eta ilunzaletasuna mantendu du gai honetan, eta azalpenak eman beharrean ikusi du bere burua egintzen larritasunaren aurrean".

EH Bildu alderdiak susmatu egiten du joan zen urtean gertatu ziren ingurugiro-arazo larriak, Oka ibaian izandako isuriengatik gertatutakoak, obran jazotako hainbat akatsen eraginez gertatu zirela eta akats horiek ez direla argitara eman.

Gogoratu duenez, aipatutako isuri horregatik URA ur agentziak eta Herri Lanak eta Garraioak esku hartu behar izan zuten, eta ABEEari berehalako zuzentze-neurriak har zitzala eskatu behar izan zioten.

Horrenbestez, ez zaio nahiko iruditzen Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak Batzar Nagusien aurrean agerraldia egitea, kontu horren gaineko azalpenak emateko; hori dela eta, Autzagane ABEEko arduradunak ere foru ganberan agerraldia egin dezatela eskatuko du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Zornotza