Gizartea -
Gauerdira arte
Abisu horia euskal kostaldean, olatu handiak direla eta
Eguneko lehen partean, 3,5 metrokoak, eta, arratsaldean, bi metro baino gehiagokoak izan litezke olatuak. Haizeak, bestalde, indarra galdu du eta ahultzen joango da egunak aurrera egin ahala.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia abiarazi du gaur, astelehena, 3,5 metro baino gehiagoko olatuak izateko arriskua dagoelako, baina arratsaldean 2 metroren bueltan ibiliko dira, aurreikuspenen arabera.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ezarri du abisua, olatuengatik, eta haizeagatik kostaldean indarrean zegoen abisua bertan behera utzi du.
Halere, Euskal Meteorologia Agentziak (Euskalmet) egindako aurreikuspenaren arabera, haize txikia espero da, hego-mendebaldekoa, kostaldean apur bat harrotuta, baina goizean indarra galdu eta eguerdian ipar-ekialdetik jotzera igaroko da.
Halaber, hodeiak izatea ere espero da, kostaldean zaparrada txikiren batekin, eta tenperaturek behera egingo dutela aurreikusi dute.
Ostarte handiak, haize txikia eta tenperaturen gorakada iragarri du biharko Euskalmetek. Joera horrek asteazkenean bere horretan jarraitzea espero da, baina egunaren bigarren partean hodeiak sartuko dira.
Azkenik, ostegunean, ostarteek jaun eta jabe jarraituko dute, hego-haizea ibiliko da, mendiguneetan ufada bortitzen batekin, eta gauean mendebaldera joko du eta tenperaturak gora egingo du.