Gizartea -
250 euroko isuna
Arartekoak Donostiako Udala gaitzetsi du, zaborra ikuskatzeagatik
Zabor-poltsa bat miatu zuen, edukiontzitik kanpo utzi zuen pertsona identifikatu eta 250 euroko isuna jartzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Arartekoak Donostiako Udala gaitzetsi du, aurreko legegintzaldian, Bilduk zuzentzen zuen garaian (EAJren eta PSE-EEren esku dago gaur egun), zabor-poltsa bat ikuskatzeagatik, edukiontzitik kanpo utzi zuen pertsona identifikatu eta 250 euroko isuna jartzeko asmoz.
Arartekoaren erakundeak Donostiako Udalari zuzendutako gomendio bat eman du argitara. Gomendio horretan, 2014ko ekainean jarritako zigorra bertan behera utz dezala eskatzen dio, Udaltzaingoko kideek aztertu zuten zabor-poltsan isuna jaso zuen emakumearen izenean zegoen publizitate-gutun bat agertu izanak ez baitu frogatzen, horren ustez, hura izatea arau-hauslea.
Isuna jaso zuen Donostiako bizilagunak honako hauek argudiatu zituen: batetik, zaborra birziklatu ohi duela; bestetik, zabor-poltsa hori, edukiontzitik kanpo agertu zena, bera bizi den bizilekutik urruti azaldu zela; eta, azkenik, bere izenean zegoen publizitate-gutuna era askotan azaldu ahal izan zela zabor-poltsaren barruan.
Donostiako Udalak ez zituen aipatutako argudioak onartu, oinarri gabeko usteak zirela iritzita, eta honakoa gaineratu zuen: "Existitzen diren zantzuek zalantzarik gabe adierazten dute emakume hori izan zela hondakinei buruzko udal-araudia hautsi zuena".
Aitzitik, Arartekoaren iritziz, edukiontzitik kanpo agertu zen zabor-poltsa hartan isuna jaso zuen emakumearen izenean zegoen gutun-azal bat egoteak "ez du ziurtatzen arau-hauste horren egilea nor den", udaltzainak ez zeudelako presente zabor-poltsa utzi zuten unean. Agenteek argazkiak atera zituzten poltsa non aurkitu zuten erakusteko, baina, Arartekoaren aburuz, hori ez da froga nahikoa egintza ziurtzat jotzeko.
Horrez gainera, isunaren zenbatekoa ere kritikatu du Arartekoak, udal-araudiaren arabera, aipatutakoa bezalako arau-hauste arinak ohartarazpen baten bidez zigortu beharko liratekeelako edota, asko jota, 60 euroko isuna jarrita.