Gizartea -
Abisu horia
37 graduko tenperaturak espero dira EAEn ostegun eta ostiralean
Abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, ostegunean eta ostiralean izango diren muturreko tenperatura oso altuengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, ostegunean eta ostiralean izango diren muturreko tenperatura oso altuengatik: kostaldean 37 graduko tenperaturak espero dira; barnealdean, berriz, termometroak 36 graduetara iritsiko dira.
Larrialdiei Aurre egiteko Meteorologiako Zuzendaritzak jakitera eman duenez, hego-haizeak tenperaturen igoera ekarriko du ostegunean. Bilbon eta Donostian 37 graduko tenperaturak espero dira, eta Gasteizen 34 gradukoak. Tenperatura minimoak Gasteizko 14 graduetatik Bilboko 20 graduetara ibiliko dira.
Ostiralean bere horretan mantenduko dute abisu horia. Tenperatura maximoak 33 gradukoak izango dira kostaldean, eta hegoaldean, 36 gradukoak.
Larunbat eta igandean tenperatura altuak espero dira EAE osoan, baina astelehenean jaitsi egingo dira.