Gizartea -

Matrikulazio kanpaina

Euskara egunerokoan erabiltzeko metodoa eskainiko du AEK-k

"Euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek metodo eraginkorra aurkituko dute AEKn", azpimarratu dute matrikulazio kanpainaren aurkezpenean.

AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena. Argazkia: AEK
AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena.
AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena. Argazkia: AEK

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEK-k 2015-2016 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du asteazken honetan Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Kanpaina 'Euskara praktikoa' goiburupean egingo da, eta aurkezpenean, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika eta Artezkaritza Kontseiluko kide Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, Bixente Claverie, Gorka Arbulu eta Xabi Gartzia izan dira.

Azken urteotako ideietan sakonduta eta AEKn hasieratik izan den izaerari eutsita, aurtengo kanpainan "euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek metodo eraginkorra aurkituko dute AEKn", esan dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan. "Euskara praktikoa, eguneroko premiei aurre egiteko bideratuta. Ideia horixe da: AEKrekin lortuko duzue nahi duzuen guztia ulertzea, nahi duzuen guztia esatea", azaldu dute.

Halaber, kanpainaren euskarrietako bat izango den spot laburra aurkeztu dute, AEKren mezua "bikain" jasotzen duena. Segundo gutxiko istorioa horren protagonista Sara Cozar aktorea da, AEKn ikasle izandakoa. Sara Cozarrek berak aurkezpenean azpimarratu du "oso gustura" egon zela duela bi urte AEKren euskaltegi batean, eta, gainera, bere helburua oso azkar bete zuela, alegia, EGA agiria eskuratzea.

Gainera, diru-laguntzak ere badirela gogorarazi dute AEKren arduradunek. Zehazki, batetik, udal askok ematen dituztenak daude, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak HABEren hizkuntz eskakizunak gainditzeagatik eskaintzen dituenak.

Ikasleei aipamen berezia egin die AEK-k, eta Jabi Delgado Portugaleteko Xaribari AEK Euskaltegiko ikasle ohia, "ahalduna", ere egon da bertan. Horrela, 19. Korrikak utzitako hitza gogora ekarri dute, eta datorren ikasturtearen atarian, herritar horien "ahalduntzea" zoriondu dute AEK-koek,  "euskara jakin ez, ahaldundu eta euskara ikastea lortu zuena". "Euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko gai direnek rol garrantzitsua jokatzen dute, eta haien ahalduntzea, haien 'euskahalduntzea', eredu paregabea da beste herritar askorentzat", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara