Gizartea -

Irratian eta magazinean

BBCk Hodei Egiluzen desagertzeari buruzko erreportajea egin du

BBC katearen ikerketa taldeak gertakariaren xehetasunak bildu ditu, "Hodei Egiluz oraindik desagertuta dagoela gogoratzeko asmoz".

Hodei Egiluz duela ia bi urte desagertu zen Anberesen. Argazkia: EFE
Hodei Egiluz duela ia bi urte desagertu zen Anberesen.
Hodei Egiluz duela ia bi urte desagertu zen Anberesen. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko BBC kateak Hodei Egiluzen kasuari buruzko erreportajea emitituko du. Galdakaoko gaztea duela ia bi urte desagertu zen Anberesen.

'Hodei, The Man Who Vanihsed' (Hodei, desagertutako gizona) izenburupean egindako erreportajea ostegun honetan emitituko da, bi irratsaiotan: 'Assignment' izenekoan, The World Service nazioarteko irrati zerbitzuan; eta 'Crossing Continents' izenekoan, Radio 4 kate nazionalean, Galdakaoko udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Lana bitarteko ezberdinetan dago eskuragarri: alde batetik, audio formatuan, eta bestetik, hainbat testigantzaz eta argiz osatutako magazin batean.

Erreportajea uztailean grabatu zuten Galdakaon eta Anberesen. BBCren ikerketa taldeak azaldu duenez, “Hodei Egiluzek oraindik desagertuta jarraitzen duela gogoraraztea da erreportajearen helburua”.

Hodei azkenekoz 2013ko urrian ikusi zuten, Anbereseko portuan dagoen taberna zonalde batean.

Erreportajeak azpimarratzen du urtero 10.000 pertsona inguru desagertzen direla Europan. Alabaina, Hodeiren kasua berezia dela diote, “bere jaioterrian kasuak erantzun handia izan duelako eta, era batera edo bestera, Belgikako Poliziaren atzean izan direlako bilaketa-lanetan”.

Ildo berean, Hodeiren alde kanpaina ugari egin direla azaltzen dute, “horietako batzuetan Cristiano Ronaldo futbolaria edo Espainiako Gobernuko presidentea inplikatzea lortzeraino”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao argazkiak Hodei Egiluz albisteak