Gizartea -
Errenteriako krimena
Ustez biloba ito zuen amona epailearen esku utzi dute
Adineko emakumea epailearen aurrera eraman dute arratsaldean, Ertzain-etxean deklaratu ostean. 10 urteko neskatoa igandean hil zen, Donostia Ospitalean.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan larunbatean Errenterian ustez biloba ito zuen emakumeak epailearen aurrera eraman dute arratsalde honetan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Biktima, 10 urteko neskato bat, igandean hil zen, Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez.
Gertakariak 18:30 aldera jazo ziren, larunbatean. Adingabea larri zauritu zuten aitona-amonen etxebizitzan. Antza denez, adingabearen amona hura itotzen saiatu zen, eta, ondoren, Poliziari deitu zion, horren berri emateko.
Udaltzainak eta osasun-langileak bertaratuta, ordubetez saiatu ziren neskatoa suspertzen, eta biktima Donostia Ospitalera eraman zuten jarraian, bizirik baina larri. Igandean bertan hil zen.
Ertzainek amona atxilotu zuten, biloba hiltzen saiatzea egotzita, eta atxilotua ertzain-etxean izan da, gaur arratsaldeko 17:00ak aldera epailearen esku utzi duten arte.