Gizartea -

Ikerketa

Euskal herritarrak duela 7.000 urteko nekazarien ondorengoak gara

Ikertzaileen arabera, hori izan daiteke euskal herritarrok, espainiarrekin eta europarrekin alderatuta, ezaugarri kultural eta genetiko ezberdinak izateko arrazoia.

Atapuercako (Burgos) El Portalon aztarnategia. Artxiboko irudia
Atapuercako (Burgos) El Portalon aztarnategia.
Atapuercako (Burgos) El Portalon aztarnategia. Artxiboko irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarrak duela 7.000 urte Ekialde Hurbiletik Iberiar penintsulara iritsi ziren gizakien ondorengoak gara. Gizaki horiek kultura neolitikoa ekarri eta nekazaritza eta abeltzaintza ezarri zuten.

Ikerketa Gizakiaren Garapena eta Portaera aztertzeko Zentroko eta Burgosko eta Uppsalako (Suedia) unibertsitateetako zientzialariek egin dute, eta Ameriketako Estatu Batuetako Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkariak argitaratu du.

Ikerketa egiteko, Atapuercako (Burgos) El Portalon aztarnategian topatutako zortzi gizakiren DNAren genoma oso-osorik aztertu zuten. Aipatu aztarnategia duela 10.000 urteko fosilak biltzen dituen arkeologia-erregistroa dela esan ohi da.

Zortzi gizaki horiek Atapuercako mendilerroan bizi izan ziren, Kalkolitoa eta Brontze Aroaren artean. Beraz, 5.500 eta 3.500 urte artean dituzte, eta orain arte aztertu diren nekazari iberiar zaharrenak dira.

“Lana Uppsalako Unibertsitateko zientzialariek lagunduta egin dugu; izan ere, antzinako DNA aztarnen sekuentziak egiteko, ezinbestekoa den teknologia erabiltzen duten laborategiak dituzte”, azaldu du Eneko Iriarte Burgosko Unibertsitateko geologo eta ikerketaren egileetako batek.

Arkeologoen arteko eztabaidagai garrantzitsuenetakoa izan da Europan nekazaritza garatzeko eta zabaltzeko arrazoia zein izan zen zehaztea. Nekazaritza duela 11.000 urte jaio zen Ekialde Hurbilean, eta duela 7.500 urte inguru iritsi zen Europara.

Iritzi ezberdinak

Aditu batzuen ustez, kultura neolotikoa ideien bitartez soilik hedatu zen Europan barrena; beste askoren arabera, berriz, pertsonen migrazioari esker zabaldu zen nekazaritza.

Alabaina, genoma aztertzeko teknika berriak eztabaida zaharrak argitzen ari dira. “DNA analisiei esker, orain arte mantendu diren hipotesi arkeologiko asko ziurtasunez berretsi, zehaztu edo ukatu daitezke”, erantsi du Iriartek.

Zortzi gizaki horien genomak aztertuta, nekazari neolotikoak direla baieztatu dute, baina antzinagoko ehiztarien geneak ere bazituztela jakin dute.

Horrenbestez, ikerketa honek agerian utzi du historiako lehendabiziko nekazari horiek euren aurretik Iberiar penintsulan bizi ziren gizakiekin nahasi zirela 2.000 bat urtez. “Horrela sortu zen egungo Iberiar penintsulako pertsonen substratu genetikoa, bi talde genetiko ezberdinetatik eratorria”, azaldu du.

Euskal Herriaren berezitasuna

Baina ikerketak gehiago ere badio. Milaka urte horietan, Iberiar penintsulako gizakiaren substratu genetikoa jatorri ezberdinetako (Afrika, Asia…) ondare genetikoekin nahasi zen, eta, ondorioz, “espainiar gehienen kasuan ia desagertuta dago”. Alabaina, “euskal herritarrek oso ehuneko altua gorde dute”.

“Esan dezakegu Hego eta Ipar Euskal Herriko bizilagunak direla nekazari neolitikoek osatu zituzten lehendabiziko giza taldeekin antzekotasunik handiena dutenak”, azpimarratu du Iriartek.

Hori horrela, ikerketaren egileek uste dute hau guztia izan daitekeela euskal herritarrek, espainiarrekin eta europarrekin alderatuta, ezaugarri kultural eta genetiko ezberdinak izateko arrazoia. Eta ez dute baztertzen euskararen jatorriaren azalpena ere aurkikuntza horri lotuta egotea.

“Emaitza oso interesgarria da. Euskaldunak beti jo izan dira berezitzat Europan, baina ez bakarrik jatorri ezezaguna duen hizkuntza berezi eta propioa izateagatik, baita genetikoki ezberdinak direlako ere”, nabarmendu du Juan Luis Arsuaga ikerketaren egileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea