Gizartea -
Alardea Hondarribian
Jaizkibel, txalo eta plastiko beltzen artean berriro
Alarde parekideak Arartekoaren eta Emakunderen babesa izan du goizeko desfilean.
Agentziak | Erredakzioa
Urteroko desfile gazi-gozoa egin du astearte honetan Jaizkibel konpainia mistoak Hondarribian. Batetik, emakumeak soldadu gisa aritzearen alde daudenen txalo eta animo oihuak; bestetik, 'Betiko Alardea'ren defendatzaileen plastiko beltzak eta irainak. Biak ala biak izan dira aurten, baina iaz baino irain gutxiago entzun dira.
Alarde parekideak 08:25ean ekin dio ibilbideari. Bertan ziren, euren babesa agertzeko, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa, Xabier Olano eta Ainhoa Beola EH Bilduko ordezkariak eta Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako presidenteordea. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaririk ez da izan aurten, "tentsio gehiago" ez eragiteko, Olanok buru duen erakundeak argudiatu duenez.
Aurreko urteetan bezala, Kale Nagusira heldu orduko, plastiko beltz andana topatu dituzte konpainia mistoko kideek espaloiaren bi aldeetan. Alarde tradizionalaren defendatzaileek hainbat protesta lelo zituzten kartelak erakutsi dituzte: "Gu ere emakumeak gara, non daude gure eskubideak?" eta "Betiko alardea, errespetatu herriaren borondatea". Jaizkibeli desfilearen ordutegia aldatzeko eskatu duenik ere izan da.
Dena den, txaloak eta animo oihuak ere entzun dira; batez ere, konpainiako 400 kideak Armen plazara heldu direnean.
08:55ean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarritako ordutegian, abiatu da alarde tradizionala. 5.000 gizonezko soldaduk eta 20 kantinerak egin dute plazarako bidea; plastiko beltzik gabe, ordea.
Elkarrizketa eta babes eske
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaurko eguna "jai eta errespetu giroan" joatea espero duela esan die kazetariei. Horren ustez, "eskubide berdintasuna berriro ezartzeko, elkarrizketari heldu behar zaio", eta bide horri ekiteko eskatu die Hondarribiko Udalari eta "udal ordezkari guztiei".
"Beste udalerri batzuetan tradizioak moldatzen hasi dira. Aldatzea ez da tradizioen kontra egitea, aberastea baizik. Gizonezkoek eta emakumezkoek aukera berberak izan behar dituzte", aldarrikatu du.
Julia Hernandez Arartekoaren ondokoaren aburuz, "tristea da emakumezkoek soldadu gisa desfilatzeko duten eskubidea defendatzera etorri behar izatea".
'Betiko Alardea'ren defendatzaileak, Jaizkibelen desfileari bizkar emanez. Argazkia: EFE
EH Bilduko ordezkariek eskaera zehatza egin diete Gipuzkoako Foru Aldundiari, Batzar Nagusiei eta Hondarribiko Udalari: "Alarde parekideekin duten zor historikoa gaindi dezatela harrera ofiziala eginez".
Izan ere, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak (EAJ) ez die aurten harrerarik egingo Jaizkibeleko kideei. Horren esanetan, alarde tradizionalak "lege eta gizarte bermea" du, hondarribiar gehienek nahi dutena baita.
"Konponbidearen urtea"
Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitainak, bestalde, alardearen auzian "pausoak" ematea espero duela esan du, aurten "konponbidearen urtea" izan dadin.
Ama Guadalupekoaren jaien egun handia da gaurkoa Hondarribian, 1628ko irailaren 8an herriaren setioa amaitu zela gogoratzen baitute hondarribiarrek gaurko egunez.