Gizartea -
Nafarroa
13 urteko zigorra iruindar bati, 6 adingaberi sexu-abusuak egitearren
Ebazpenean azaltzen denez, 71 urteko gizonak etxera gonbidatzen zituen adingabeak diruaren truke, eta pornografia filmak erakutsi ostean, sexu-gehiegikeriak egiten zizkien.
agentziak | erredakzioa
Iruñeko 71 urteko gizonezko batek 13 urteko kartzela-zigorra jaso du Nafarroako Auzitegian sei adingaberi sexu-gehiegikeriak egiteagatik.
Fiskaltzak, akusazio partikularrek eta defentsak lortutako akordioaren ondorio da ebazpena, eta irmoa da.
Ebazpenean agertzen denez, 2013an, azaroaren 7a arte, gizonak etxera gonbidatzen zituen adingabeak diruaren truke (10-50 euro), eta pornografia filmak erakutsi ostean, sexu-gehiegikeriak egiten zizkien.
Epaiaren arabera, gizonak "alkoholismoa eta sexu disfuntzioa" zituen hori gertatu zenean. Ondorioz, buruko gaitzaren aringarria ezarri diote.
Zigorrak hauek izan dira: 8 urteko kartzela-zigorra 13 urteko adingabe bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik (penetrazioarekin), bi urte gehiago 13 urteko beste bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik, urtebeteko zigorra eta 1.080 euroko isuna prostituzioagatik eta adingabeak galbideratzeagatik, 1.620 euroko isuna etengabeko exhibizionismoagatik, eta beste hainbestekoa pornografia erakusteagatik.
Gainera, 54.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimei.