Gizartea -
GERTAKARIA
Bi lagun zauritu dira Azkoienen, etxebizitza batean izandako sutean
Kalte handiak eragin ditu suak etxebizitzan. Kea berehala zabaldu da, eta inguruko etxebizitzak ere hustu dituzte, badaezpada. Oraingoz, ez dakite sua nola piztu den.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi pertsona zauritu dira bart, Azkoiengo etxebizitza batean izandako sutean. Poyo Alto kaleko 6. zenbakia duen atariko etxebizitza batean piztu da sua, eta kalte handiak eragin ditu.
Osasun zerbitzuetako langileek kea arnastu duen gizonezko bat artatu dute sutea izan den tokian bertan, eta Azkoiengo osasun-etxera eraman dute ondoren, erredura arinak sendatzera. Haur bat ere artatu dute, erredura arinak baitzituen.
Suak etxebizitzaren egongelan egin ditu kalte handienak; erabat kiskalita geratu da. Kea, baina, aldameneko eraikinera ere zabaldu da, eta bertan zeuden bizilagunak ere atera dituzte, badaezpada.
Sua izan den eraikinaren ingurua itxi egin du Foruzaingoak. Oraingoz, ez dute argitu sua nola piztu den.