Gizartea -

Antropologia

'Homo naledi': giza espezie berri bat aurkitu dute Hegoafrikan

Ikerlari talde batek espezie horretako 11 gizabanakoren fosil arrastoak aurkitu ditu Hegoafrikako kobazulo batean.

Homo Naledirenak omen ziren burezur batzuk. Argazkia: EiTB
Homo Naledirenak omen ziren burezur batzuk. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza espezie berri bat topatu du nazioarteko antropologo talde batek Hegoafrikan: Homo naledi. 11 gizabanakoren fosil arrastoak aurkitu dituzte, kobazulo batean.

Gizakiaren jatorriaz eta espeziaren aniztasunaz datu berriak jarri ditu mahai gainean aurkikuntza berri honek. Besteak beste, Homo naledi espezieko gizakiek gorpuak kobazuloko hozkailu antzeko gune batean uzten zituzten. Hori, orain arte, azken mendeotako jokabidetzat hartu izan da.

1.550 fosil identifikatu dituzte, denera. Afrikan hominidoekin lotuta inoiz egin den aurkikuntzarik garrantzitsuena dela uste da. Homo naledi espezieko gizabanakoen fosil arrastoek 2,5 milioi urte izan ditzaketela esan dute adituek.

Witwatersrand Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa. 2013an aurkitu zituzten lehendabiziko arrastoak Rising Star kobazuloan, Gizateriaren Sehaska aztarnategian, Johannesburgotik 50 kilometrora.

Homo naledi espezieko gizakiak burmuin txikia zuen, laranja baten tamainakoa, eta gorputz lirainekoa zen. 1,50 metroko altuera zuten, eta 45 kilo inguruko pisua. Homo habilis espeziekoen antzeko hortz-haginak zituzten, eta simioen tankerako sorbaldak.

Eskuei erreparatuta, lan-tresnak erabiltzeko gaitasuna zutela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Ezaugarriok argi erakusten dute, adituen iritzian, espezie berezitua zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea