Gizartea -
Salaketa
Kamioilari batek 19 orduz gidatu du Alemaniatik, ia atsedenik gabe
Ertzaintzak salaketa jarri dio, Irunen atzeman eta gero. Takografoak adierazten zuen 11 orduko deskantsua egin ordez, ordu eta erdikoa egin zuela ikusi zuten.
Agentziak | Erredakzioa
19 orduz, ia atsedenik egin gabe, Alemaniatik gidatu zuen kamioilari baten kontrako salaketa jarri du Ertzaintzak. Irunen (Gipuzkoa) atzeman zuten agenteek, A-8an paratutako kontrol batean.
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, 27 ordu lehenago Alemaniatik atera zen kamioia, eta takografoari begiratuta, 1.600 kilometro egin zituela ikusi zuten agenteek. Gerora, baina, gailua manipulatu zutela ohartu ziren eta 19 orduz, ia atsedenik egin gabe gidatu zuela ondorioztatu zuten. Tarte horretan, ordu eta erdiko deskantsu bakarra egin zuen gidariak, Ertzaintzaren arabera.
Antza, Portugalera (herrialde horretan utzi behar zuen karga) heldu arte gidatzen jarraitzeko asmoa zuen gizonak.
Arau-haustea konprobatuta, kamioia geldiarazi zuen Ertzaintzak eta gidariaren kontrako salaketa jarri zion. 12.000 euroko isuna jaso dezake kamioilariak.
Arauaren arabera, karga hori daramaten kamioilariek bederatzi orduz gidatu dezakete gehienez jota eta 11 orduz atseden hartu.