Gizartea -

Gasteizen

Gazte bat epaituko dute txoriak hil eta herio-mehatxua botatzeagatik

Gazteak etxebizitza batean logela bat alokatu zuen. Hilabetea amaituta, etxebizitzaren jabeak bertatik alde egiteko eskatu zion gazteari, eta horrek hainbat liskar eragin zituen euren artean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gazte bat epaituko dute datorren astean Gasteizen, etxebizitza bateko jabea mehatxatzeagatik, haren txoriak hiltzeagatik eta hainbat objektu lapurtzeagatik. Delitu horiengatik Arabako Fiskaltzak bi urteko espetxe-zigorra eta 4.500 euroko isuna eskatu du.

Gertaera 2013ko abuztuan jazo zen, gazteak Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleko etxebizitza batean logela bat alokatu zuenean. Hilabetea amaituta, etxebizitzaren jabeak bertatik alde egiteko eskatu zion gazteari, eta horrek hainbat liskar eragin zituen euren artean.

Handik gutxira, irailaren 8an, etxean zituen txori guztiak hilko zituela mehatxatu zuen gazteak. Izan ere, papagai bat eta kanario bat ito zituen. Fiskaltzak 390 eurotan zehaztu du animali horien balioa.

Bi egun geroago, irailaren 10ean, akusatua emakumezkoaren etxera sartu zen, ganibet bat zeramala, eta herio-mehatxuak bota zizkion. Horren logelaren atearen aurka ostikadak ematen hasi zen, eta maizterra egongelan giltzapetu behar izan zen.

Bitartean, gazteak hainbat kalte eragin zizkion etxean: egongelako atea kolpatu, bainugelako ispiluari arrastoa egin, oheko somierra eta gau-mahaiaren hankak apurtu, hormak margotu, apal bat erre, eta etxeko txirrina apurtu, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz Gaurko azken ordukoa