Gizartea -

Ezbeharra Bilbon

27 lagun zauritu dira Abandoko geltokian, tren istripu batean

Urduñatik zetorren aldiriko tren batek geltokiko topeak jo ditu. Zazpi lagun erietxera eraman behar izan dituzte.

Istripuan zauritutako emakume bat, larrialdiko langileekin. Argazkia: EFE
27 pertsona zaurituta tren istripuan, inor ez dago larri

1:30

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renfe konpainiaren aldiriko tren bateko 27 bidaiari arin zauritu dira astelehenean, trenak Abando Indalecio Prietoko geltokira (Bilbo) heltzean topeen kontra eginda.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, ezbeharra 08:15 aldera jazo da. Oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, Urduñatik zetorren eta 250 bidaiari zeramatzan tren batek geltokiko topeak jo ditu.

Kolpearen ondorioz, 27 lagun zauritu dira. Iturrion arabera, horietako zazpi Basurtoko Ospitalera eraman behar izan dituzte. Gainerako 20ak geltokian bertan artatu dituzte, eta euren kasa joan dira handik.

250 bidaiarietatik asko zutunik zeuden istripua jazo denean, eta horregatik, gehiago izan dira zauritutakoak.

Ikerketa, abian

Trenak ez du kalterik izan eta Renfeko tailerretara eraman dute, ondo aztertzeko. Horrez gain, Ertzaintzak probak egin dizkio tren gidariari. Gizonak esan dienez, berak balazta zapaldu du, baina halere, geltokiko topeen kontra egin du. Istripua zerk eragin duen ikertzen dabiltza orain, izan ere, baliteke balaztek kale egin izana.

Tren istripua Renfe Abando. Accidente tren EFE

Tren istripua Renfe Abando. Accidente tren EFE

Geltokiko topeen kontra egin du trenak. Argazkia: EFE

Juan Maria Aburto Bilboko alkatea eta Tomas del Hierro Segurtasun zinegotzia Abandoko geltokira joan dira, zauritutakoen egoera eta istripuaren nondik norakoak jakiteko.

Bi tren zerbitzu, bertan behera

Istripua izan duen trenaren inguruan hesia ezarri dute. Renfek Bilbo eta Laudio arteko bi tren zerbitzu utzi ditu bertan behera. Dena dela, ordubete geroago, ohikoa zen aldiriko trenen zerbitzua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Albisteak