Gizartea -
Istripua mendian
Zazpi mendizale hil dira Frantziako Alpeetan
Biktimak alemaniarrak eta txekiarrak ziren. Ezbeharra adituak ez diren mendizaleentzat aproposa den tontor batean jazo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez zazpi mendizale hil dira eta bat zauritu da gaur Frantziako Alpeetan, Ecrins mendian (Hautes-Alpes departamenduan), elur-jausi baten ondorioz.
Biktimetako lau Alemaniakoak ziren, eta, beste hirurak, Txekiar Errepublikakoak. Denak gizonezkoak ziren, 39 eta 51 urte artekoak. Zauritutakoa emakumezko alemaniar bat da.
Ezbeharra 12:00etan jazo da, Dome de Neige des Ecrins tontorrean (4.015 metro). Mendi hori adituak ez diren mendizaleentzat aproposa, igoera ez baita zailtasun handikoa. 3.900 metrora gertatu da istripua.
Aurten Frantzian jazotako elur-jausi larriena izan da gaurkoa. Urtarrilean, sei pertsona hil ziren Alpeetan, Queyras haranean.
Gainera, apirilean hiru mendizale hil ziren, gaurko mendi berberean.