Gizartea -

Epaia

7 urteko zigorra, gutxitasuna duen mutil bati sexu erasoak egiteagatik

Kartzela zigorraz gain, 73 urteko gizonezkoak 5 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak 7 urteko kartzela zigorra ezarri dio Bortziriak eskualdeko 73 urteko gizonezko bati, gutxitasun psikikoa duen adingabe bati sexu erasoak egiteagatik.

Kartzela zigorraz gain, 73 urteko gizonezkoak 5 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du. Dena den, ez dio kalte-ordainik eman beharko biktimari, hain zuzen ere, eskaerarik egin ez zuelako.

Epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea aurkeztu dezakete Auzitegi Gorenean. Epaileak frogatutzat jo du biktimak sexu erasoak jasan zituela Foruzaingoaren, adingabea artatu zuen psikologoaren eta instrukzio epailearen deklarazioak aintzat hartuta. Erasotzaileak, ostera, biktimaren oniritzia zuela aldarrikatu zuen epailearen aurrean.

Epaian irakur daitekeenez, adingabeak ez zuen "gisa horretako harremanen inolako ezagutzarik" eta "agerian gelditu da baimena emateko biktimaren gaitasun falta".

Biktimak 15 urte zituen sexu-erasoak gertatu zirenean eta % 33ko gutxitasun psikikoa du.

Epaiaren arabera, 2013ko irailaren eta 2014ko martxoa bitartean 73 urteko gizonezkoak hainbat ukipen egin zizkion adingabeari herriko banku batean. Gainera, beste sexu-eraso batzuk ere egin zizkion autobus geltoki batean.

Kondenatuak sexu erasoak aitortu zituen epaiketan, baina adingabearen baimena zuela aldarrikatu zuen. Halaber, ukatu egin zuen adingabeak gutxitasun psikikoa zuela jakitea eta baztertu egin zuen haragizko sexu harremanak izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Delituak albisteak Eguneko albisteak Haurtzaroa albisteak