Gizartea -

ERREFUXIATUEN DRAMA

Lehen errefuxiatuak urrian helduko dira Euskadira

Hasieran 200 pertsona iritsiko dira, baina epe luzera 1.000 baino gehiago hartuko dituela uste du Jaurlaritzak.

Siriako errefuxiatuak, Hungarian. EiTB
Siriako errefuxiatuak, Hungarian. EiTB
Siriako errefuxiatuak, Hungarian. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen 200 errefuxiatu siriarrak urriaren amaieran hel litezke Euskadira, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak kalkulatu duenez.

"Euskadi prest dago berehalako erantzuna emateko, behar beste baliabideekin", azaldu du, Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordean egindako agerraldian.

Toñak zehaztu du oraindik ez dakitela zenbat pertsona hartu beharko dituzten. Izan ere, Europar Batasuneko estatu kideek ez dute banaketa adostu, eta, horrenbestez, erkidegoek ez dakite zein den euren kuota.

Nolanahi ere, "segur aski", epe luzera 1.000 baino gehiago hartuko dituztela uste du Jaurlaritzak, eta dagokion kuota hartuko duela berretsi du.

Urriko lehen hamabostaldian, Gasteizko Gobernuak pertsona horientzako zerbitzuen eta baliabideen mapa bukatuko du. Osasuna eta hezkuntza premiazkoak izango dira; horregatik, osasun-zentroa eta ikastetxea dituzten herrietan baino ez dizkiete emango ostatu.

Hala ere, baliabide premiazkoena etxebizitza da. Hasiera batean, Jaurlaritzak ez ditu erabiliko Bizigunerenak, "salbuespen kasuetan" izan ezik. Gainerako euskal erakundeek eskainitako etxebizitzekin bete nahi dute eskaria.

Halaber, "komunikazio kanal bat" sortuko dute, errefuxiatuak hartu nahi dituzten herritarrei erantzun emateko.

Errefuxiatuek jasoko dituzten diru-laguntzei dagokienez, Toñak azaldu du ez dietela emango Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, baina bai, ordea, beste tankera bateko laguntza. "Ezohiko egoeran daude, eta ezohiko baliabideak behar dituzte", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak