Gizartea -

ERREPORTAJEA

'Auzoaren aniztasunari etekin ekonomikoa atera nahi diogu'

Bilboko San Frantzisko auzoko afrikarrek enpresa txikien haztegi bat sortu dute. Hamaika proiektu eta 100 bat lagun bilduko ditu Koop SF34 ekimenak espazio bakarrean.

Olinpiar Jokoetan izango den Hardi afrikarrak zuzenduko du judo-eskola Argazkia: eitb.eus
Hardi afrikarra 2016ko Rio de Jaineroko Olinpiar Jokoetan izango da. Argazkia: eitb.eus
Olinpiar Jokoetan izango den Hardi afrikarrak zuzenduko du judo-eskola Argazkia: eitb.eus

Maider Beistegi | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saharaz hegoaldeko herritarrek enpresa ekimenak sortzeko eta bultzatzeko dituzten zailtasunei aterabidea emateko asmoz sortu da Koop SF34 proiektua. Georges Belinga jatorri kamerundarreko gazteak eta egitasmoaren bultzatzaile nagusiak azpimarratu duenez, diru-laguntza publikorik gabeko ekimena da. "Garrantzitsua da gizarteak atzerritarrenganako duen irudia aldatzea. Ekimen honen aldeko edo kontrako jarrera izateko arrazoia diru-laguntzak jaso izana bada, nahiago dugu laguntza horiek gabe ekitea. Koop SF34 irabazi asmorik gabeko elkartea da, bada,  Saharaz hegoaldeko herritarrek bultzatutakoa", nabarmendu du.

Hainbat gizarte ekimen aldi berean bilduko dituen espazioa ikastolek Lanbide Heziketarako duten Harrobia zentroan izango da, San Frantzisko auzoko Harrobi plazan. Helburua "auzoaren aniztasunari eta aberastasun kulturalari etekin ekonomikoa ateratzea da", azpimarratu du Georgesek.

Koop SF34ren 11 proiektuak

1. Afrika Export (Nazioarteko merkataritza. Georges Belinga)

Paradoxa bat du abiapuntu Georgesen proiektuak. "Euskal industria esportatzailea da, baina bitxiena da herrialde askotara esportatzen badugu ere, lantokietan ez daukagula herrialde horietako jendea lanean. Belingaren esanetan, esportazioa teknikoa da, baina saltzeko enpatia ere ezinbestekoa da. Ekuadorrera esportatu nahi badugu, onena eta lanerako errazena izango litzateke bertoko langile bat kontratatzea, herrialde hori hobeto ezagutuko duelako". Afrikari dagokionez, euskal enpresek ahaztutako herrialdea dela iritzi dio Georgesek. Hori hala izanda ere,  EAEn afrikarrek kudeatuta bigarren eskuko jarduera esportatzaile garrantzitsua dagoela azpimarratu du.

Afrika Exportek Afrikara esportatzen ari direnak eta herrialde horretara esportatu nahi dutenak harremanetan jarriko ditu. "Enpresa esportatzaileen taldea sortuko dugu, Senegal, Guinea, Kamerun eta Hegoafrikan frankiziak irekita. Euskal enpresa esportatzaileekin harremanetan jarriko gara horretarako, Afrikan salgarri diren produktuak ekoizten ari direnak. Aukera asko daude, Afrikan ez delako ezer ekoizten", azaldu du. 25 bat lagun ariko dira Afrika Exporten, eta Harrobiak emango die formazioa.

2. Sildofaya (afrikar doinuen ikus-entzunezkoa ekoiztetxea) (Betto Snay, Angola)

Betto Snay angolarrak sortuta, ikus-entzunezko ekoiztetxe honek Afikako artisten eta musika sektoreko enpresa txikien lanak ekoizten ditu.

san francisco

(Georges Belinga eta Betto Snay)

(Betto Snayren promozio bideoa)

3. Afrika Empire (Omar, Senegal)

Goi-mailako joskintza (Waaw), Afrikako kultura musika eta liburuen bidez hedatzeko ekoiztetxea  (Goree) eta kultura jarduerak  (Hif Haf entertainment) sortzeko enpresa biltzen ditu Afrika Empire ekimenak.

4. Hardi judo-eskola (Hardi, Afrika Erdiko Errepublika)

Hardi afrikaerditarrak zuzendutako eskola honek jokalari olinpikoak entrenatzeko asmoa du. Izan ere, Hardik 2016ko Olinpiar Jokoetan hartuko du parte, bere herrialdea, Afrika Erdiko Errepublika, ordezkatuz. Hardiren ametsa, baina, Bilboren irudia Rio de Janeirora eramatea da, azken 10 urtean harrera beroa egin dion bizilekua delako.

san francisco

(Hardi, entrenamenduak egiten)

5. Jiu-Jitsu (Federico, Ginea)

Asiatik datorren jiu-jitsu borroka-artean trebatuko ditu ikasleak Federiko ginearrak.

6. Boxeo (Miterand, Kamerun)

Miterand kamerundarra boxeolari profesionala da.  Helburu bikoitzarekin jarriko du martxan boxeo-eskola: ?Gaztetxoak kaletik atera nahi ditugu, eta autoestima arazoak dituztenak edo agresibitate arazoak dituztenak lagundu. Boxeoa oso kirol egokia da horretarako, burua argitzen laguntzen duelako?, Miteranden esanetan.

7. Capoeira (Jeremias, Angola)

Jeremias, Bilbo bizi den Angolako 23 urteko gazteak gidatuko du capoeira-eskola San Frantziskon. Hamar urte daramatza Angolan, jaioterrian, ikasi zuen capoeira irakasten. Celestino angolarrak ere bost urteko eskarmentua du arte horretan eta eskutik helduta ariko dira urritik aurrera.

8. Bantu Kidz (Yoel, Angola)

Bantu Kidzek afrikar estiloko kaleko eta goi-joskintzako jantziak egiten ditu.  ?Estilo diferente eta berritzailea eskaintzen dugu?, adierazi du.

9. Kizomba (Daniel, Angola)

Kizomba Afrikako dantzarik ezagunena da. Angolan sortua, sanbaren ukituak ditu; dantza sentsuala eta harmonikoa da, eta portugaleraz abestutako musikaz lagundurik dantzatzen da. Daniel Kikadik dantza honen erritmoan hazi zen Luandan, duela 25 urte.

georges

10. Afrikako hizkuntzen eskola (Jorge, Ginea)

Saharaz hegoaldeko hizkuntzarik erabilienak irakatsiko ditu Jorgek: Swahilia (Afrikako hizkuntzarik nagusiena), wolofa eta fanga, hain justu. Afrikako herrialdeetan hitz egiten diren Europako beste hizkuntza batzuk ere irakatsiko ditu; frantsesa, ingelesa eta portugesa, besteak beste.

11. Konponketak

Ordenagailuak, mikrouhin-labeak, hozkailuak, garbigailuak eta telebistak konpontzen ikasiko dute eskola honetara bertaratzen direnek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea