Gizartea -
Zahartzeari buruzko ikerketa
Euskal gizartearen herenak 65 urte baino gehiago izango ditu 2029an
Egun, hiru euskal herritarretatik batek 55 urte baino gehiago ditu, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera.
agentziak | erredakzioa
2029an Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia herenak (596.000) 65 urte baino gehiago izango ditu. Egun, hiru herritarretatik batek 55 urte baino gehiago ditu. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak emandako datuak dira.
Toñak agerraldia egin du Donostian, ‘2015-2020 Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia’ izeneko dokumentua aurkezteko. Jaurlaritzak egin du ikerketa, hainbat aditurekin elkarlanean.
“Euskal gizartearen parte aktiboa diren pertsonengan, haien eskubide eta erantzukizunengan oinarritutako ikerketa da”, zehaztu du Toñak.
Estrategia hiru multzotan banatzen da: Gizartea zahartzarora egokitzea; zahartze hobeago baterako prebentzioa; eta ongizate gizartea eraikitzeko parte-hartzea bultzatzea.
“Zahartze ona izateko, bizitza guztian erantzukizunez jokatzea beharrezkoa da, bai modu indibidualean, baita kolektiboan ere”, azpimarratu du. “Jaurlaritza lurralde ezberdinetako erakundeekin eta udalekin elkarlanean arituko da, gizartea zahartzarora egokitzeko”, erantsi du Toñak.