Gizartea -
Teknologia
Bilbon Bizi aplikazioak bizikleten kontsulta ahalbidetuko du
Bilbon Bizi aplikazio berriak bizikleten eta ainguraketen erabilgarritasuna kontsultatzeko aukera emango die erabiltzaileei. Baita ere, horietako puntu bat zerbitzuz kanpo dagoen ezagutzeko aukera.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko hiriburuak Bilbon Bizi aplikazioa jarri du martxan, alokatzeko bizikleten kontsulta ahalbidetzen duen doako app berria. Bilbon Bizi euskaraz edo gazteleraz erabili ahal izango da eta informazio ugari eskainiko die erabiltzaileei.
Besteak beste, zerbitzuaren inguruko ezaugarri nabarmenenak azalduko ditu, geltokien inguruko mapa bat izango du edota kilometro-kontagailu bat. Halaber, ekiditutako CO2a zenbatuko du ere.
Bestalde, Bilboko udalak adierazi duenez, Bilbon Bizik bi mailegu puntu berri izango ditu. Lehenengoa, Epalza kalean kokaturik egongo da, bestea aldiz, Ferrocarril etorbidean, Iralako igogailuaren parean. Horiekin, Bilbon Bizik 40 ainguraketa izango ditu guztira, eta, azaroan, 140 bizikleta gehitzea espero da.
Campo de Volantin pasealekuan kokaturik dagoen mailegu gunea Udaletxeko inguruetara aldatuko da, udal bulegoak herritarrengana gerturatzeko asmoz.