Gizartea -

Epaia

Sei hilabeteko zigorra ezarri diote garbitzaile bat kolpatzeagatik

Zigortutako gizonak 2012ko sanferminetako txupinazoaren ostean eraso zion garbitzaileari.

2012ko txupinazoaren ostean jazo zen erasoa. Argazkia: EFE
2012ko txupinazoaren ostean jazo zen erasoa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati 2012 sanferminetako txupinazoaren ostean FOCSA garbiketa enpresako langile bat kolpatzeagatik. Anaia urarekin bustitzearren kargu hartu zion gizonak garbitzaileari, eta haren defentsan atera zen lankide bati ukabilkada eman zion.

Iruñeko Zigor arloko 2 zenbakiko epaitegiak emandako epaiaren arabera, biktimari 10.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio gainera. Dena dela, bi urteko epean deliturik egiten ez badu, kartzela zigorra bertan behera utziko du epaileak.

Gertakariak 2012ko uztailaren 6an jazo ziren, 14:08an. Akusatua Iruñeko Alde Zaharretik zebilen, anaiak telefonoz deitu eta garbitzaile batekin sesioan ari zela esan zionean. Nonbait, garbitzaileak busti egin zuen, eta, hori dela eta, kargu hartu zion.

Akusatua anaiarengana heldu zenean, "hura lasaitu edo hirugarren lagun baten lekukotza eskatu beharrean", langilea bultzatzeari ekin zion. Lankidea babesteko asmoz, beste behargin bat hurbildu zen, eta gizonak ukabilkada eman zion orduan. Kolpearen ondorioz, biktimak garbiketa kamioiaren kontra jo zuen burua, eta lurraren kontra, ondoren.

Garbiketa langileak burezurrean traumatismoa eta eskuineko hezur parietalean haustura egin zituen. Ondorioz, lau egun eman zituen ospitalean, eta 118 egun, bajan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Sanferminak 2024