Gizartea -

Red Bull Cliff Diving

Salbeko zubia eta hainbat kale itxita, jauzien txapelketaren ondorioz

Ostegun eta ostiralean izango dira entrenamendu saioak, eta, ondorioz, hainbat orduz itxita egongo dira zubia eta Errekalde zumarkalea.

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Red Bull Cliff Diving World Series 2015 jauzien txapelketaren finala larunbat honetan izango da Bilbon. Ikuskizunak Salbeko zubia eta inguruko hainbat kale ixtera behartu du Udala.

Bilboko Udalak ohar batean azaldu duenez, zirkulazio etenak ostegun honetan bertan hasiko dira, entrenamendu saioak eguerdian baitira hastekoak (12:00etatik 16:00etara). Hala, ibilgailuek ezingo dute Moyua plazatik zubira doan tartea erabili. Zeharkako kaleak zabalik egongo dira, ibilgailuen eta garraiobide publikoen joan-etorria ahalbideratzeko.

Horrez gain, Errekalde zumarkalea ere itxita egongo da ordu tarte horretan, bi noranzkoetan. Berez, oinezkoek zabalik izango dute ingurua, baina Udalak ez du zarratzea baztertu, jendetza biltzen bada.

Ostiralean ere, itxita egongo dira zubia eta aipatu kalea, baina 13:00etatik 17:00etara.

Larunbateko zirkulazio etenak

Nolanahi ere, zirkulazio eten handienak larunbatean izango dira, egun horretan egingo baitute txapelketa. Ibilgailuek itxita izango dute Errekalde zumarkalea 12:30etik 18:30era. Salbeko zubia ere zarratuta egongo da bi noranzkoetan.

Abandoibarra etorbidean ere izango du eragina txapelketak. Leizaola Lehendakaria etorbidearen eta Uribitarte kalearen arteko zirkulazioa itxita egongo da (bertakoek garajeetara sartzeko aukera izango dute). Unibertsitateen etorbidea ere itxita izango dute ibilgailuek, Agirre Anaien kalea eta Salbe plazaren artean.

Azkenik, Ernesto Erkoreka plazak eta Campo Volantin pasealekuak bat egiten duten gunean, Castaños eta Matiko aldera doazen bizilagunen ibilgailuak eta garraio publikoa bakarrik pasatu ahalko dira.

Salbeko zubiaren ordezkoak

Zubia itxita, Bilboko Udalak zirkulazioa errazteko hainbat gomendio eman ditu. Hala, Maurice Ravel kaletik datozen ibilgailuek Ugaskoko tunela-Pio X.a kalea-Deustuko zubia bidea har dezakete. Moyua plaza eta inguruko kaleetatik datozenak Elkano kalea hartu beharko dute, handik Euskadi plazara heltzeko eta, ondoren, Deustuko zubia-Pio X.a kalea-Ugaskoko tunela-Maurice Ravel bidea hartu. Bada beste aukerarik: Pio X.a kaletik, Txorierriko tunela har daiteke,  aireporturako bidean.

Oinezkoak eta autobusa

Zirkulaziorako eten hauez gain, oinezkoek, Bilbobus zerbitzuak eta itsasontziek ere nabarituko dute Red Bull Cliff Diving txapelketaren eragina. Hala, Guggenheim Museoko ingururako sarbidea mugatuta egongo da. Udalak Louise Bourgeoisen 'Mamá' eskulturaren eta Anish Kapoorrenaren arteko gunera doan sartzeko banatutako 1.600 sarreretako bat izan behar dute bertara joaten direnek. Bi orduko epean agortu ziren sarrerok, atzo.

Horrez gain, Bilbobuseko 11. eta 71. lineen zenbat geraleku kenduko dituzte 12:30etik 18:30era. Hauexek: Unibertsitatea (24), Salbe, Campo Volantin (21-23-4) Ernesto Erkoreka/Udaletxea, Campo Volantin/Salbe eta Botika Zaharra (1). Informazio gehiagorako, kontsultatu Bilbobusen webgunea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko Udala Bilbo