Gizartea -

Usurbil

Parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea ditu ardatz KMK-k

Udarregi Ikastola 1968an sortu zen herritarrei hezkuntza sistema propioa eskaintzeko euskaraz. Egun, 700 ikasle ditu.

Bost kilometroko ibilbidea prestatu dute aurten. Irudia: kilometroak.eus
Bost kilometroko ibilbidea prestatu dute aurten. Irudia: kilometroak.eus
Bost kilometroko ibilbidea prestatu dute aurten. Irudia: kilometroak.eus

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Kilometroak jaia urriaren 4an ospatuko dute Usurbilen, Udarregi Ikastolaren alde. Bost kilometroko ibilbidea osatu dute, eta guztira bost gune izango ditu. Antolatzaileek askotariko kontzertu, dantza emanaldi eta jarduera prestatu dituzte Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia ospatzeko.

Antolatzaileek zabaldu dutenez, berrikuntzetako bat bizikleta martxa izango da. Lasarte eta Zubietatik doan bidegorrien sarea aprobetxatuz, Santueneko gunean bizikleten aparkalekua jarriko dute. Horrela, ahalik eta jende gehien bizikletaz etortzea espero dute antolatzaileek. Autobusez, trenez edota kotxez joateko aukera ere egongo da, baina N-634 errepidea itxita egongo da egun horretan. Hiru aparkaleku prestatu dituzte ibilgailuentzat, eta bertatik autobus zerbitzua egongo da etengabe.

Kilometroak jaiak hiru ardatz nagusi izango ditu aurten: parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea.

Parekidetasunari dagokionez, jai ereduen inguruko hausnarketa “ikuspegi feminista batetik burutzeko apustua” egin dute.

Jasangarritasunean sakontzeko asmoz, edalontzi berrerabilgarrien aldeko apustua egingo dute, eta ahalik eta edalontzi gehien berreskuratzen ahaleginduko dira. Horrela bada, edalontziagatik deposituan utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan. Bestalde, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian iturriko ura sustatuko dute, ahalik eta plastiko gutxien kontsumitzeko.

Desgaitasunen bat dutenei arreta berezia eskainiko diete aurten, berdintasun eta normaltasunaren aldeko apustua eginez, “inklusiboa izan behar duen gizarte honetan, gizartea kontzientziatzea baita asmoa”, antolatzaileen esanetan. Hori dela eta, KMK 2015 jaiak dekalogo bat landu du, gizarte inklusibo baten aldeko deia egiten duena.

Hori bultzatzeko, proba mordoa prestatu dituzte, eta, halaber, argi utzi nahi izan dute finala guztientzako izango dela, tarteko probetan inor kanpoan utzi gabe eta guztiei irabazteko aukera emanez.

Udarregi Ikastolako zuzendariak, Mariaje Imazek, adierazi duenez, Kilometroak jaiaren bidez lortutakoa ikastolaren eraikin berria finantzatzeko eta garatzen ari diren hezkuntza proiektu berria bultzatzeko izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kilometroak Albisteak Gipuzkoa Usurbil argazkiak Albisteak