Gizartea -
Hernani
Hiru etorkin topatu dituzte kamioi batean ezkutatuta, Hernanin
Poloniatik Madrilera zihoan hozkailu-kamioi baten barruan aurkitu dituzte. Oxigeno gabezia eta hipotermia zantzuak zituztela, Donostiako Ospitalera eraman dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru etorkin topatu dituzte gaur, asteartea, oxigeno gabezia eta hipotermia zantzuak zituztela, hozkailu-kamioi baten barruan, Hernani herri gipuzkoarraren parean dagoen zerbitzugune batean.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 18:40ean aurkitu dituzte hirurak, kamioiak geldialdia egin eta gero, AP-8ko zerbitzugune batean, Madrilerako noranzkoan, eta beste ibilgailu bateko gidariak barrutik zetozen oihuak eta kolpeak entzun dituelako.
Gidari horrek hozkailu-kamioiaren (Poloniatik zetorren) gidariari abisua eman eta biek Ertzaintza jakinean jarri dute.
Hala, agenteek kamioiaren atea zabaldu eta hiru gizonezko aurkitu dituzte, oxigeno gabezia eta hipotermia zantzuak zituztela; hori dela eta, Donostiako Ospitalera eraman dituzte.
Hiru etorkinak agertu diren kamioia. Argazkia: EFE
Osakidetzak jakinarazi duenaren arabera, hirurak onik daude, baina zaintzapean jarraituko dute Donostiako Ospitalean datozen orduotan.
Izan ere, Ertzaintzak zehaztu duenez, hozkailu-kamioiaren atzeko partean 10 graduko tenperatura izan ohi da.
Kamioia Belgikan bete zuten, fruta zeraman eta Mercamadridera zihoan, aipatutako iturrien arabera.