Gizartea -

Santiagon

Andrea neskatoaren kasua epaitegira igorri du, berriro, ospitaleak

Uztailean epaitegiak erabakitako plan terapeutiko berbera jarraitzea edo plan hori moldatzea erabaki beharko du  orain epaileak.

Antonio Lago eta Estela Ordoñez 12 urteko Andrea neskatoaren gurasoak. Argazkia: EFE
Antonio Lago eta Estela Ordoñez 12 urteko Andrea neskatoaren gurasoak. Argazkia: EFE
Antonio Lago eta Estela Ordoñez 12 urteko Andrea neskatoaren gurasoak. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiagoko Unibertsitate Ospitaleko gerenteak, Luis Verdek, Andrea gaixotasun sendaezina duen 12 urteko neskatoaren kasuaz hitz egin du, goizean. Erietxeak epaitegira txosten bat igorri duela jakinarazi du, neskatoaren "egungo egoeraren berri emanaz"; hala, epaileak uztailean onartutako plan terapeutikoa berriro aztertzea nahi du erietxeak, bide berdina jarraitu edo beste bat hartu erabakitzeko.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Verdek adierazi du Pediatria Saileko profesionalak "ebazpen judizial" bat betetzen ari direla, uztailetik. Haurraren gurasoen eskariaren aurrean, eta "adin txikikoen eskubideak zaintze aldera", ebazpen hori berriro epailearen esku uztea erabaki da.

"Legeak dioena eta ospitalearen oinarriak betetzen jarraituko dugu", esan du. Halaber, ukatu egin du "tematze terapeutikoa" dagoenik kasu honetan. Familiaren eskaria eta ebazpen judiziala, biak aintzat hartuta ari direla lanean ziurtatu du.

Irizpide aldaketarik egongo den aukerari buruz galdetuta, gerenteak esan du, berriro ere, epailearen erabakia errespetatuko dutela.

Gaitz sendaezina

Gaitz terminala  du Andreak eta gurasoek alabaren bizitza artifizialki ez luzatzeko eskatu dute, baina Santiagoko Ospitalea erabaki horren aurka dago.

Pediatria zerbitzuak txostena eskatu zion Santiagoko etika batzordeari, iturri medikoek jakitera eman dutenez.

Ospitaleko bozeramaile batek azaldu duenez, une oro “legaltasuna errespetatuz eta etika printzipioei jarraituz” ari dira lanean.

Galiziako Gobernuaren Osasun Departamentuaren ahotan, “esfortzu terapeutikoa mugatzeko” konpromisoa hartu dute medikuek.

Andrea

Andreak 12 urte ditu eta zortzi hilabete zituela gaitz neurodegeneratibo bat diagnostikatu zioten. Gaixotasunak ospitaleko ohe batean utzi du. Artifizialki elikatzen ari dira, eta eritasunak min handia eragiten dio, gurasoen arabera, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Neskatoak heriotza duina izatea nahi dute gurasoek. Horregatik, elikatzeko zunda kentzea eskatu dute, baina ospitaleko pediatrek uko egin diote eskari horri, nahiz eta etika batzordearen txostena alde agertu.

Heriotza eskubidea

Heriotza duina izateko eskubidearen inguruko eztabaida mahai gainean jarri du berriro Andrearen kasuak. Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteak heriotza arautzeko lege bat eskatu du.

Gaitz terminalak dituzten gaixoen eskubideak arautzeko lege bat onartu zuen Galiziako Parlamentuak iragan uztailean. Legea betetzen ari ez direla uste dute Andrearen gurasoek, eta auzitegietara joko dutela iragarri dute.

Legeak gaixo terminalen zainketa aringarriak bermatzen ditu, baina ez du eutanasiarik onartzen. Sufrimendua arintzeko lasaigarriak erabiltzeko aukera ematen du. Legeak ez du medikuen kontzientzia eragozpena jasotzen, baina etika batzorde batek kasua aztertzea aurreikusten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eutanasia gaur Gaixotasunak Albisteak Nerabezaroa albisteak