Gizartea -

HERIOTZA

Amale Arzelus, irratian euskaraz aritu zen lehen emakumea hil da

Umetan hasi zen Union Radio irratian, Joseba Arzelus aitarekin batera. Lauaxetak esan zuen bezala, 'Euskal Herriko etxe guztietan sartu zen neskatila, entzule guztien bihotzeraino sartu arte'.

Amale Arzelus. EITB.
Amale Arzelus. EITB.
Amale Arzelus, ETBn

0:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amale Arzelus Arrieta (Donostia, 1924 - 2015) euskaltzalea eta irrati esataria hil zen herenegun, Donostian, 91 urte zituela. Irratian euskaraz aritu zen lehen emakumea izan zen Amale.

Umetan hasi zen Donostiako Union Radio irrati-katean, Joseba Arzelus "Luzear" aitarekin eta Ander Zubimendi esatariarekin batera; gerra aurretik saioa debekatu zuten arte,  aitak idazten zituen ipuinak kontatzen zituen irratian. 1932an hasi ziren euskaraz ematen; urte horretakoa da euskaraz egindako lehendabiziko saioa.

Zortzi urte bakarrik zituen Amalek irratian hasi zenean, eta Lauaxetak esan zuen bezala, "Euskal Herriko etxe guztietan sartu zen neskatila, entzule guztien bihotzeraino sartu arte".

amale arzelus, irratigintza, 59. atala

amale arzelus, irratigintza, 59. atala

Gerra iritsi aurretik, irratiko euskarazko saioak isilarazi zituzten. Amalek, baina, aita lagun hartuta, herriz herri istorioak kontatzen, kantatzen eta antzezten jarraitu zuen, Poxpolina taldearekin.

1936ko Gerra Zibilean Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen, familia osoarekin;  aita preso hartu zuten, eta ia zortzi urte igaro zituen Santoñako espetxean. 1940an itzuli ziren Donostiara, eta euskarari lotuta jarraitu zuen beti Amalek. 1948an, Elvira Zipitriarekin batera, ikastola klandestinoak sortu zituzten Donostian, bakoitzak bere etxean. Haurren irakaskuntzan bakarrik ez, helduekin ere lan handia egin zuen Amalek. Aitak euskara irakasteko egindako metodoa baliatuz, helduak alfabetatzeko eskolak eman zituen. Euskerazaintza Euskeraren Erri Akademia elkarteko kide ere izan zen.

Duela hiru urte, euskarazko lehendabiziko irratsaioa hasi zela 80 urte bete zirenean, Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten Amale Arzelus. Aitak irratira lehendabizikoz eraman zuenekoa eta mikrofonoaren aurrean kontu kontari hasi zenekoak gogoratu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea